Urrezko domina irabazi du Chourrautek Pragan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 20a, 14:57
Ezin hobeto ekin dio Munduko Kopari piraguista lasarteoriatarrak. Pragan lehiatu da asteburuan, eta urrezko domina irabazi du. Finalean ez du akatsik egin eta Kimberley Wodds britainiarrak baino 24 ehuneko azkarrago osatu du ibilbidea.

Proba bat eta urrezko domina bat. %100eko eraginkortasuna, oraingoz behintzat. Pragan hasi da K1 slalom modalitateko Munduko Kopa, eta Maialen Chourrautek irabazi du aurreneko proba. Ezin hobeto hasi du txapelketa herritarrak.

Gogotik izerditu behar izan zuen 33 urteko piraguistak urrea kolkoratzeko. Kimberley Wodds baino 24 ehuneko azkarrago osatu zuen ibilbidea Chourrautek. Bietako inork ez zuen zigorrik jaso finala jokatu bitartean; segundorik ez zitzaien gehitu euren markei, beraz. 104,68 segundotan geratu zuen kronometroa lasarteoriatarrak.Woddsek 104,92ko marka egin zuen.
Denbora azkarrena Ricarda Funk alemaniarrak egin zuen berez, 104,06 segundo, baina epaileek bi zigor ezarri zizkioten. Hortaz, lau segundo gehitu zizkioten bere markari eta brontzezko dominarekin konformatu behar izan zuen.

Ekaina maila ederrean hasi du Chourrautek. Hilabete hasieran zilarrezko domina irabazi zuen Esloveniako taldekakoan, Irati Goikoetxea eta Marta Martinezekin batera. Bakarkakoan seigarren postua eskuratu zuen.

Hurrengo asteburuan 2016-2017 denboraldiko kirolari onenaren saria eman zion Murtziako UCAM unibertsitateak.

Augsburg eta Leipzig orain 

Pragan lortutakoa dastatzeko denborarik ez dauka apenas piraguista lasarteoriatarrak. Asteburu honetan jokatuko du Munduko Kopako bigarren proba, Augsburg-en (Alemania). Eta, hirugarrena, datorren astean, Alemanian baita ere. Leipzig hirian, hain justu. Pasa den igandean lortutako emaitza errepikatzen saiatuko da Maialen Chourraut.

Pixkanaka-pixkanaka gerturatzen ari da iraileko hitzordu handia. Paun (Frantzia) jokatuko da aurtengo Munduko txapelketa. Chourrautek sarritan entrenatzen du bertako instalazioetan eta gogotsu dago txapelketa horretan parte hartzeko. Dena dela, berak askotan gogorarazten duen bezala, egunetik egunera piraguista hobea izatea du xede.