Urrats garrantzitsua egin du Ohorezko Erregionalak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 27a, 11:00
Maila mantentzeko borroka betean dago murgilduta Ostadar SKT. Joan den ostiralean Touring-i 3-2 irabazita beste pauso bat egin du Mikel Medina eta Gabi Sanchezen taldeak. Ligaren azken herena falta dela, 22 puntu dituzte eta 15. postuan daude.

Berebiziko garaipena lortu zuen Ostadar SKTk joan den asteko ostiralean, Oreretako Touring taldeari 3-2 irabazita. Maila mantentzeko lehian bete-betean murgilduta jarraitzen dute Mikel Medina eta Gabi Sanchezenek: liga bukatzeko heren bat falta dela, 22 puntu dituzte eta hamabosgarren postuan daude, jaitsiera postuetatik kanpo, baina azkeneko taldeak oso gertu dituztela. Asteburu honetan Oiartzunekin neurtuko dituzte indarrak Karla Lekuona zelaian.

34. eta azken jardunaldia gero eta gertuago dago, eta horregatik final kutsua hartzen dute jada partidu guztiek. Are gehiago maila mantentzeagatik lehian ari direnentzat. Hori dela eta, erabat kontzentratuta eta intentsitate handiz ekin zion ostiraleko norgehiagokari Ostadar SKTk, eta espero baino lehenago jaso zuen saria: 12. minuturako 2-0 ari zen irabazten, Rober Gutierrez eta Gorka Britek sartutako golei esker. Partiduaren gidoia aldatu bazen ere, etxeko taldeak fin jarraitu zuen lanean eta hirugarren gola sartzetik gertu egon zen, baina ez zuen asmatu. Atsedenaldi-garaia hurbildu ahala Touring jabetu zen baloiaz, eta, aukera garbi askorik sortu ez bazuen ere, horietako bat baliatu zuten 2-1ekoa sartu eta lehia estutzeko. 35. minutua zen. Ez zen gehiago mugitu markagailua lehen zatian.

Bigarrenari hobeto ekin zion Touringek. Baloiaren jabe izaten jarraitu zuen, baina lehen 45 minutuetan bezala, aukera garbirik sortu gabe. Ostadarrek, berriz, zuzen jokatu eta ahalik eta gutxien arriskatzen saiatu zen, baloia jokoan jartzerakoan batez ere. 2-2koa 3-1ekoa baino gertuago zegoela zirudien, baina Xabi Ugaldek maisuki jaurtitako falta bati esker bi goleko aldea berreskuratu zuen Ostadarrek. Hogei minutu falta ziren partidua bukatzeko. Etxeko taldea aldea mantentzera mugatu zen eta gehiago arriskatu zuten kanpotarrek. Halere, Ostadarrek ez zuen bereziki gaizki pasa 88. minutura arte. Touringek aldaratze bat baliatu zuen 3-2koa sartzeko. Bukaerara arte estutu zuen, baina puntuak Michelinen geratu ziren aspaldiko partez: bi hilabete zeramatzan Ostadarrek etxean garaipenik lortu gabe (azkena, abenduan, Martuteneren aurka, 5-1).

Albiste oso ona da taldearentzat ostiralean lortutako garaipena, baina dena ez zen izan positiboa: taldeko goleatzaile nagusi Gorka Britek aldaketa eskatu behar izan zuen bigarren zatia hasi eta gutxira, eskuineko izterrean zaintiratua izan zuen eta. Ikusteko dago asteburu honetan jokatzeko gai izango ote den ala ez.

Bigarren itzulian, askoz hobe

Sei partidu jokatu dira bigarren itzulian, eta hemezortzitik zortzi puntu bildu ditu Ostadarrek. Askoz hobeto ari da orain, eta datuek erakusten dute: lehen itzulian bederatzigarren jardunaldira arte ez zuen partidurik irabazi, eta aurreneko sei jardunaldietan puntu bakarra zeukan poltsikoan. Dinamika on hau mantendu nahi du taldeak.