Uribarri urtegian barrena, korrika eta igeri

Adrian Garcia 2017ko urr. 6a, 12:13
Enaitz eta Iñigo Ibarburu anaiek Epic Landus Swimrun Race proba egin dute, Uribarri Ganboa urtegian. Hiru kilometro igeri eta hamazazpi korrika egin dituzte, 21 zatitan banatuta. Pozik daude, esperientziagatik eta lortutako markatik: 8. amaitu dute

Askotariko aukerak ematen ditu triatloiak, igeriketa, korrika eta txirrindularitza konbinatuz kirol proba eskaintza zabala baitago egutegian. Horien artean, Epic Landus Swimrun Race egin zuten  joan den asteburuan Iñigo eta Enaitz Ibarburu anaiek. Uribarri Ganboa urtegiaren inguruan korrika eta igeri aritu dira, proba berezi batean. Ohiko triatloi eta duatloi probetan ez bezala, igeri eta korrika egiteko 21 zati txiki zituzten aurretik. Gainera, binaka osatzekoak ziren zati horiek guztiak. Prestakuntza zehatzik egin ez arren, marka ona eginda itzuli dira Lasarte-Oriara bi kirolariak. Sailkapen orokorrean zortzigarren egin dute; 50 bikote lehiatu dira guztira. 

Hiru bat kilometro egin dituzte igeri, eta hamazazpi korrika. "Oso esperientzia ona izan da, mendi artean dena. Oso proba polita, eguraldiak ere lagundu digu", azaldu du Enaitzek, anaia nagusiak. Orain bi urtetik dago  Trinko taldean, sortu zenetik. Iñigo gazteagoa da, eta Buruntzaldea IKTko prestakuntza baliatzen du triatloiean lehiatzeko.

Igeriketa eta korrika egiteko zatien artean denbora irabazteko, zapatillekin igeri eta neoprenoarekin lasterka egin dute. "Lehenego aldia zenez, surfeko neoprenoa erabili dugu, eta korri egiteko traileko zapatillak. Sasi asko zeuden, eta neoprenoa hausteko arriskua ere bazegoen", azaldu dute anaiek. 

Zapatillekin igeri 

Duatloiak egin ohi dira Euskal Herrian, baina ez dira ohikoak horrenbeste trantsizioko lasterketak. Triatleta lasarteoriatarrak ere ez zeuden zapatillekin igeri egitera ohituak. "Oinak hondoratu egiten dira uretan, kosta egiten zitzaidan hankei eragitea", esan du Iñigok. 

Trantsizio mordo horrek egiten du gogorra proba, gorputzari kosta egiten zaio-eta uretatik atera eta lasterka egitera ohitzea, eta alderantziz. "Uretatik atera eta maldan gora hasi edo eskailerak igo behar ziren. Hamaseigarren kilometroan, abduktoreetan karranpak hasi zitzaizkidan", onartu du Enaitzek. "Oso agresiboa da igeri-korrika-igeri trantsizioa". Lasterkako zatirik luzeena sei kilometrokoa zen, eta, igeriketakoa, berriz, 580 metrokoa. 

Binaka joan behar izatea da probaren beste berezitasun bat. "50. bat talde ginen, baina lasterketa oso luzatuta joaten da. Noizean behin beste bikote bat gerturatzen zen, baina denbora asko bakarrik eman dugu", dio Enaitzek. Horregatik, segurtasun neurri bat ere bada binaka joatea.  "Zerbait pasatzen bada, zure taldekidea duzu ondoan". 

Gainera, ongi ezagutzen dira elkar bi anaiak, eta lagundu egiten du horrek. Enaitz: "Lasterka batek egiten badu hobeto, erritmoa jarri dezake, animoak eman diezaioke besteari". Iñigo Buruntzaldea IKT igeriketa taldean dabil, eta anaia baino erosoago ibiltzen da uretan: "Igeri ni saiatzen nintzen erritmoa markatzen, berak erreferentziatzat hartzeko, eta aurrera begiratu behar ez izateko". 

Bi ordu eta 40 minututan osatu zuten ibilbidea, lehenengoak baino hogei minutu gehiago. "Oso pozik gaude lortutako markarekin, kontutan hartuta lehen aldia dela", diote bi anaiek. Hurrengo urterako ez dute zalantzarik, eta izena emango dute. Erabaki beharko dute ibilbide luzea egin, edo motzagoa. Luzea 29 kilometro dira lasterka, eta 5,5 kilometro igeri. "Luzea egiten badugu, bukatzea izango da helburua. Motza eginez gero, postua hobetzea. Zaila izango da, ezagunagoa egingo baita, eta parte hartzaile gehiago egongo dira".