1995etik darama Txusma Perez Azaceta herritarrak (Legazpi, 1958) mendiari eta mendi ibilbideei buruz idazten. Beste herritar batzuekin batera, Likken aldizkaria sortu zuen, eta gaur egun Sua Edizioak argitaletxeko koordinatzailea da. "Las Otras Cumbres de la Montaña Vasca"-k igotzeko ohikoak ez diren euskal mendiak biltzen ditu.
Zer jaso duzu argitaratu duzun liburu berri honetan?
Jasotakoak 60 mendi ibilbide dira guztira eta 134 gailurretara igotzeko bidea azalduko da horietan.
Zenbat denbora daramakizu mendiari buruz idazten?
1995ean Likken izeneko aldizkaria sortu nuen, beste herritar batzuekin batera. 1997an Sua Edizioak argitaletxean hasi nintzen lanean eta 2003an argitaratu nuen nire lehenengo liburua, “Gipuzkoako mendiak”. Oraingoa zortzigarrena da.
Nola bururatu hain ohikoak ez diren mendiak biltzeko ideia?
Mendiari buruzko liburu dezente idatziak nituen jadanik, eta konturatu nintzen gailur klasikoenak jendez gainezka zeudela. Beraz, mendi ezberdinak eta ezezagunagoak bilatzeko joera hartu nuen ingurukoekin.
Soilik mendi ezagunenetara jotzeko joera izaten dugu?
Hala da. Normalean erraz bururatzen zaizkigun gailur horiek igotzen ditugu. Gipuzkoan, esaterako, Txindoki, Ernio, Aizkorri edo gertuago Buruntza edota Andatza. Piriniotan ere antzeko fenomenoa gertatzen da. Bisitari gutxiago dituzten haranetan bakarrik egotea egokitzen zaizu.
Zuk egindako ibilbideak dira jasotakoak?
Nik denak egin ditut, gehienetan Sara emaztearekin. Liburuko argazki guztiak ere nireak dira, eta horietan hura agertzen da normalean.
Bestalde, Alex Tetuan lagunak asko lagundu nau. Mendi eta ibilbide ezberdin asko ezagutzen ditu, eta zentzu horretan, nire aholkularia izan da lan honetan.
Euskal Herri osoko mendiak aurki daitezke liburuan.
Bai. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabina ibilbide, Ipar Euskal Herriko zortzi eta Nafarroako hamasei jaso ditut guztira. Eremuari dagokionez, azken hau da zabalena eta mendi gehien duena, Piriniotatik Bardeetara. Horregatik, gidan tarte luzeena hartu du.
Zer aurkituko du liburua hartzen duenak?
Ibilbide bakoitzak bere aurkezpen testua, mapa eta argazkiak izaten ditu. Gida praktikoa ere idatzi dugu. Bertan, nola joan, sarbideak, zailtasuna eta bestelako informazio erabilgarria kontsulta daiteke.
Zein zailtasun dute ibilbideek?
Nik jasotakoak ez dira hasiberrientzako mendiak. Mapak, GPSak eta iparorratzak irakurtzen jakitea komenigarria da hauetan. Izan ere, bideak ez daude behar bezala indikatuta edo balizatuta. Jende gutxi joaten da gailur hauetara eta ez da erraza bidea topatzen. Liburuarekin denetara iritsi daiteke, baina ez dira esperientza gabekoentzako gomendagarriak.
Zein gomendatuko zenieke lasarteoriatarrei?
Andatza inguruko ibilbide bat jaso dut, Zarateko Bentara doana. Zarateaitz (493m) eta Estenagako Txurrua (375m) gailurrak jasotzen ditu. Alex Tetuanek proposatu zidan bidea, eta egia esan, herritarrentzako egokia da. Hemendik aterata oinez egiteko aproposa baita.
Nola begiztatu dituzu mendi hauek?
Ikertuz eta lagun eta ezagunei galdetuz. Askotan, mendi ezagunen parean aurkitzen diren tontorrak eta bideak dira. Hauek ezagutzeko inguruko mendizaleei galdetzea izaten da aukeretako bat.
Bigarren zatia edukiko du liburuak?
Ez dakit. Honi bere bidea egiten utzi behar zaio. Baina uste dut beste gida bat egitekotan bide beretik egingo nukeela, are ezezagunagoak diren mendiak bilduz. Bide gehienak oso ezagunak dira dagoeneko. Gogoak baditut gehiago aurkitzeko. Argitaletxean lan egiten dut eta nire lana ere bada.
Ze iritzi jaso duzu honi buruz?
Kritika onak jaso ditu orain arte. Nik uste dut mendizaleek eskatzen zuten gaia zela. Ezezagunagoak diren mendietara igo nahi du jendeak, eta liburu honek zenbait proposamen dakartza zentzu horretan.