Trinko triatloi taldeko kideek ekin diote ikasturte berriari

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 22a, 11:30
Iñigo eta Enaitz Ibarburu anaiek 'Epic Landus Swimrun Race' proba jokatuko dute datorren astean, Zuatzan

"Ikasturte berria, helburu berriak". Gogotsu ekin diote Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldeko kideek denboraldi berriari, Facebook sare sozialean aditzera eman dutenez. Pasa den asteburuan, esate baterako, Usurbilgo Baxurde Krosean egin zuen lasterka Jon Presa gazteak. 37 minutu eta 56 segundotan osatu zuen hamar kilometroko ibilbidea, eta bederatzigarren postuan helmugaratu zen. Datorren astean ere ikusi ahalko dira taldearen kolore berde-beltzak, Zuatza aldean hain justu. Iñigo eta Enaitz Ibarburu anaiak Epic Landus Swimrun Race proban ariko dira.

Irailean egurrean dabiltza herriko triatletak, baina udaran ez dira geldirik egon. Beñat eta Iurgi Los Arcos anaiek Purito Rodriguez proba zikloturista jokatu zuten Andorran. Beste kide batzuk San Roken eta Zumaian ibili dira, besteak beste.