Tatamiari agur, irailera arte

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 24a, 20:04
LOKE kirol elkarteko judokek erakustaldia eskainiz itxi dute denboraldia. Guraso eta lagunen begiradapean, urtean zehar ikasitakoa erakutsi dute Maialen Chourraut kiroldegiko tatamian. Hainbat senior konpetitzera joan dira gero, Santanderrera; hirugarren postua lortu dute

Irailera arte agur esan diote tatamiari LOKEko judokek. Ez nolanahi: denboraldi amaierako erakustaldia eskaini dute Maialen Chourraut kiroldegian. Adi-adi jarraitu dituzte kirolarien mugimendu eta giltzak euren guraso eta lagunek, harmailetatik. Bukatu bezain pronto, Santanderrera joan dira senior mailako hainbat judoka, taldekako txapelketa batean parte hartzera. Hirugarren postua lortu dute.

Urteak darramatzate Gorka Aristegik entrenatzen dituen herritarrek erakustaldia eskaintzen, denboraldiz denboraldi, hutsik egin gabe. Urtetik urtera, teorian behintzat, zailagoa da originala izatea, baina judokek beti lortzen dute. Aurten, esaterako, Judo Talent lehiaketatxoaren itxi dute emanaldia: taldeka atera dira hainbat judoka, eta arte martzial horretako mugimendu eta giltza klasikoak beste hainbat diziplinekin uztartu dituzte, ikus-entzuleen harridurarako.

Argazki galeria