Sevillano eta Martin ahizpak, markak hobetzen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 23a, 11:01
Paula Sevillanok, Leire eta Ainhoa Martin ahizpek bederatzi marka pertsonal ondu eta taldeko zortzi errekor berri ezarri dituzte Erkidego arteko Espainiako txapelketan. Asteburu honetan, Leire Martinek Distantzia Luzeko Espainiako txapelketan arituko da

Paula Sevillano, Leire eta Ainhoa Martin ahizpak Erkidego arteko Espainiako Txapelketan lehiatu dira, Oviedon. Buruntzaldea IKTko igerilariak Euskadiko Selekzioa ordezkatu dute, eta  hainbat marka ondu dituzte. 

"Ez da batere balantze makala, igerileku luzean egiten duten denboraldiko lehen txapelketa dela kontutan izanik eta, batez ere, Neguko Espainiako Txapelketak prestatze bidean, lan karga handieneko momentuan daudela kontuan hartuz", adierazi du Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko entrenatzaileak.

Ainhoa Martinek bular estiloko 100 metro proban marka pertsonala egin du 1:13,64rekin, eta Euskadiko errekorretik oso gertu geratu da. Proba honetan sailkapeneko lehena izan da. Estilo bereko 200 metroko proban bere marka berdintzea lortu du 2:43,11 denborarekin, eta lau estiloetako 400 metroetan aurreko marka birrindu du (5:13,81). Azken proba honetan bigarren sailkatu da Ainhoa, eta bular estiloko 200 metrokoan, berriz, hirugarren.

Leire Martinek lau probatan parte hartu du. Estilo libreko 400 metro proban 4:38,60an utzi du bere marka, eta 200 metrokoan, berriz, 2:13,73an. Tartean 100 metroko marka ere hobetu du  (1:05,68).  Leire zazpigarren postuan sailkatu da bizkar estiloko 100 eta 200etan, eta baita 400 librean ere. 200 librean, aldiz, hirugarren marka onena egin du, postu hori bera eskuratuz.

Paula Sevillanok egindako probatan aurreko marka hobetzea lortu du. Estilo libreko 400 metroetan4:45,80ko marka pertsonal berria lortu du, eta laugarren sailkatu da. 800 metrokoan, aldiz, 9:52,04ko marka berria eta zortzigarren postua eskuratu du.

Erreleboetan

Euskal taldeari banakako probatan egindako aportazioaz gain, erreleboetan ere erabakigarriak izan ziren.

Paula Sevillano eta Leire Martin 4x200 metro libre proban parte hartu dute. Paulak egin du lehen posta, eta marka pertsonala egitea lortu du 2:16,46rekin. Tartean 100 metroko denbora ere hobetu du (1:05,36).

Estilo libreko 4x100 proban Ainhoa eta Leire Martin hirugarren eta laugarren postatan egin dute salto, erregistro bikaina lortuz. Azkenik, lau estiloetako 4x100 proban, Ainhoak bular estiloko 100 metroko erreloboa egin du.

Asteburu honetan bi hitzordu garrantzitsu dituzte Buruntzaldea IKTko igerilariek. Batetik, larunbatean Leire Martin Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketan izango da, Mataron. 3.000 metroko lasterketa du zain. 

Bestetik, gainontzeko igerilariak asteburu osoan Irunen izango dira, Gipuzkoako Neguko Txapelketan. Iganderako Leire Martin ere itzuliko da, Irunen lehiatzera.