Sei lasarteoriatarrek parte hartu dute EH mendi erronkan, Leitzan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 6a, 13:18
Dozena erdi lasarteoriatar aritu dira Leitza aldean lasterka asteburu honetan, EH mendi erronka proban. Seitik bostek lortu dute helmugara iristea. Ivan Granado izan da bizkorrena; zortzi ordu eta hamazazpi minutu behar izan ditu 67 kilometroko ibilbidea egiteko

Berez aski gogorra da EH mendi erronka: 67 kilometroko ibilbidea, eta 3.600 metroko desnibel positibo metatua. Eta joan den larunbateko baldintza meteorologikoek are gehiago gogortu zuten lasterketa: eguraldi beroa, sargoritsua, eta ibilbide lokaztua. 700 korrikalari irten ziren, eta erdiek besterik ezin izan zuten bukatu. Parte-hartzaile horietatik sei lasarteoriatarrak ziren: Ivan eta Borja Granado, Iñaki Letamendi, Jon Lasarte, Marc Bages eta Javi Olazagoitia.

Goizeko zortzietan ekin zioten probari. Leitzako plazatik abiatu, eta Arribe, Gaintza eta Aralar zeharkatu zituzten, San Migueletik Lekunberrira jaitsiz, berriz Leitzara itzultzeko, Iriber menditik pasa eta gero. Erronkan parte hartu zuten sei herritarretatik bostek lortu zuten helmugara iristea; lesio bat tarteko, Gaintzako anoa postuan erretiratzea erabaki zuen Javi Olazagoitiak. Ivan Granado izan zen herritar bizkorrena: zortzi ordu eta hamazazpi minutu behar izan zituen 67 kilometroko ibilbidea egiteko. Ordu eta erdi beranduago iritsi zen Borja Granado (09:58); ondoren, Iñaki Letamendi (10:35); gero, Marc Bages (10:43); eta, azkenik, Jon Lasarte (10:48).