Saskibaloiko zazpi taldeek irabazi egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 2a, 10:30
Ez ohiko asteburua izan da Ostadar SKT Saskibaloi atalarentzat, baina guztiz pozgarria; kategoria guztietako taldeek irabazi dute jardunaldi honetan. Bestalde, Saskibaloi Eskolakoek Zarautzeko Zast taldearekin topaketa egin dute asteburuan

Asteburu berezia izan da Ostadar SKT Saskibaloi atalarentzat. Lasarte-Oriako zazpi taldeek irabazi egin dute asteburuan. "Ez da beti gertatzen den datu bat", esan du Endika Marrahi ataleko arduradunak. 

Infantil txikiek etxez kanpo lortu zuten garaipena, Donostiako Antigua Luberriren aurka (27-39). Lehen laurdena izan zuten partidako onena. Hasieratik azeleragailua sakatu, eta 3-16ko partziala lortu zuten. 

Bigarrenean konfiantza gehiagorekin atera ziren, eta ez zuten zorte handirik izan saskiratzean. Halere, distantzia apur bat handitzea lortu zuten (9-24). 

Denetan txarrena izan zen hirugarren laurdena. Partziala irabazi zuten donostiarrek, baina ez zen nahikoa izan lasarteoriatarrak garaitzeko. 

Bestalde, 1. mailako seniorrek La Salle Mundarro menderatu zuten (41-58); Junior Errendimendukoek, berriz, aise irabazi zioten Arri-BKLri (59-29); Junior Partizipaziokoek Oiarso garaitu zuten (21-56); Kadete Errendimenduak Atletico San Sebastiani irabazi zion (45-49); Kadete Partizipaziokoek Bera-Berari (37-51); baita Infantil Handiek (36-44).Horrez gain, Saski Eskolako taldeak topaketa izan zuen La Salle ikastolan, Zarautzeko Zast taldearen aurka. Bi norgehiagokak galdu zituzten, baina "goiz paregabea" pasa zuten.