Saskibaloiaren etorkizuna, Lasarte-Orian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko abe. 12a, 11:28
Kadete mailako lau selekziok lagunarteko txapelketa jokatu dute Maialen Chourraut kiroldegian, asteburuan: Euskadi, Nafarroa, Galizia eta Asturias aritu dira nor baino nor gehiago. Lau urte daramatza Ostadar Saskibaloiak horrelako ekitaldiak antolatzen

Gazteak dira, asko daukate ikasteko oraindik, baina dohainak badituzte. Etorkizunean zeresan handia eman dezaketela erakutsi dute Maialen Chourraut kiroldegian elkartu diren jokalariek. Kadete mailako lau selekzio aritu dira nor baino nor gehiago: Euskadi, Nafarroa, Galizia eta Asturias. Ostadar Saskibaloiak antolatu du kirol ekitaldia, laugarren urtez. Endika Marrahi da sailaren arduraduna: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Euskadiko Saskibaloi Federazioari ematen digun konfiantzagatik; kiroldegiari ere bai, urtero erraztasun gehiago ematen dizkigulako; eta udalari, ekimena babesten duelako". 

Kadete mailako mutilak aritu dira aurten. Marrahik azaldu du txandaka egiten dutela: 2015ean infantil neskak etorri ziren; 2016an, kadete mutilak; eta iaz, kadete neskak. "Infantil mutilek Deban jokatu dute. Neskak, berriz, Asturiasen ibili dira". Urtarrilaren 3tik 7ra jokatuko dira Espainiako txapelketak, Huelvan (Andaluzia). Abenduko zubia baliatzen dute prestaketa bukatzeko eta konpetiziorako prestatzeko.

Galiziak, hirutik hiru

"Euskadi, Galizia eta Asturias selekzio gogorrak dira; Nafarroaren maila zertxobait baxuagoa da, baina konpetitu egin dute partida guztietan". Marrahiren analisia. Maila altuko saskibaloia eskaini dute lau selekzioek asteburuan. Galizia izan da neurketa guztiak irabazi dituen bakarra. Aise gainditu zuen Nafarroa, 32-94, baina komeria gehiago izan zituen Euskadiren eta Asturiasen aurka. 66-62 eta 73-76 irabazi zieten, hurrenez hurren. Azkeneko partida erabakitzeko luzapena jokatu behar izan zuten.

Asturiasek ere joko-maila altua erakutsi du asteburuan. Esan bezala, gutxigatik galdu zuen Galiziaren aurka, baina beste bi partidak irabazi zituen. Euskadiren aurkakoa, hamahiru puntugatik (56-69); Nafarroari hemeretzigatik irabazi zion (72-53).

Txapelketako azkeneko neurketa Euskadi eta Nafarroaren artekoa izan zen. Bi taldeak gogotik saiatu ziren, inork ez zuelako nahi partidarik irabazi gabe geratu. Euskadi zen faboritoa, eta bete egin ziren aurreikuspenak. Beste bi partidetan ongi jokatu zituen lehenengo bi laurdenak, baina atsedenalditik bueltan jaitsi egin zuen maila. Hori ez zitzaion gertatu Nafarroaren aurka, eta islatu zen markagailuan: 68-41.

Maialen Chourraut kiroldegiko harmailak dezente bete dira txapelketako bi egunetan. Saskibaloi munduko aurpegi ezagunen bat edo beste ere ikusi dute herritarrek: ACB mailan eta Euroligan ari den Saski Baskoniako lehendakari Josean Querejeta etorri da Lasarte-Oriara. Euskadin jokatzen du semeak.

Saskibaloi gehiago abenduan 

Harrobiko neska zein mutilen selekzioen arteko txapelketak ohiko bilakatu dira herriko saskibaloi egutegian honezkero. Laugarrenez antolatu du aurten Ostadar Saskibaloiak. Eta zabalagoa da egutegia. Esate baterako, 3x3 txapelketa. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta abenduaren 29an jokatuko da, larunbatarekin, Maialen Chourraut kiroldegian. Izen-emate epea hiru egun lehenago itxiko dute. Parte hartu nahi duten jokalariek Ostadar SKTren bulegora joan beharko dute (Geltoki kalea, 25), 18:00etatik 20:00etara. 

Herritik kanpo ere gozatzen dute saskibaloiaz. 3x3 txapelketa jokatu eta hurrengo egunean, abenduak 30, Saski Baskonia eta Real Madrilen aurkako neurketa ikustera joatekotan dira. Endesa ligan jokatzen dute bi taldeek. Madrildarrak dira egungo txapeldunak, eta talde arabarra txapeldunordea. Sarrera eta autobusa eskaintzen ditu Ostadarrek: 14 urte baino gutxiago dituztenek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta 25 besteek. Izen-ematea, lokalean.