Santa Ana pala txapelketako finalerdiak, zehaztuta

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 20a, 11:39
Santa Anako Pala txapelketak aurrera jarraitzen du. Atzo arratsaldean bukatu zen bigarren fasea, eta finalerdietako neurketak erabakita gelditu: Xenki-Iñigo vs. Mikel eta Jon Begiristain eta Xabi-Beñat vs. Pagola-Jesus. Bihar eta etzi jokatuko dira bi partidu horiek, Loidibarrenen.

Santa Ana eguna (uztailaren 26a) gerturatzen doan heinean, fase erabakigarrira iristen ari da pala txapelketa. Bigarren fasea atzo arratsaldean amaitu zen, lau bikotek elkarren kontra itzuli bakarrera jokatu eta gero, ligaxka formatuan. Orain, finalerdietan, multzoko lehenak hirugarrenaren kontra jokatuko du eta bigarrenak laugarrenaren aurka. 

Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziagak bigarren faseko hiru neurketak irabazi dituzte eta bigarren fasean lehenengo geratu dira. Jon eta Mikel Begiristain anaiak hirugarren izan dira. Beraz, bi bikote horien artekoa izango da biharko norgehiagoketako bat. Ostiralean jokatuko dute, Loidibarrenen, 19:30etik aurrera. Bestea Xabi-Beñat (bigarrenak) eta Pagola-Jesus (laugarrenak) bikoteen artekoa izango da; bihar ariko dira, Loidibarrenen baita ere, 19:00etan hasita.

Bigarren faseko emaitzak

Jarraian ikus daitezke bukatu berri den bigarren faseko emaitzak. Beñat Esnaola kanpoan egon denez, Jon Pello Artetxek ordezkatu eta bi neurketa jokatu ditu Xabi Arteagarekin.

Uztailak 11: Xenki-Iñigo 30-11 Pagola-Jesus.

Uztailak 12: Jonpe-Xabi 30-22 Begiristain anaiak.

Uztailak 14: Jonpe-Xabi 30-23 Pagola-Jesus.

Uztailak 15: Xenki-Iñigo 30-23 Begiristain anaiak.

Uztailak 19: Begiristain anaiak 30-18 Pagola-Jesus eta Xenki-Iñigo 30-28 Xabi-Beñat.