Rioko Jokoetara joateko txartelaren bila

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko uzt. 18a, 14:30
Lasarte-Orian egon berri da Nely Carla Alberto eskubaloi jokalaria, ia astebetez atseden hartzen. Familia, lagunak, senarra...denekin egoteko baliatu ditu egun libre horiek. Tartetxo batean ez bueltatzea espero du, Espainiarekin kontzentratuta baitago, Rioko Jokoetara joateko aurredeialdian murgilduta.

Hemezortzi jokalariren aurredeialdian sartzea funtsezkoa da, jakina, baina orain dator zailena: hamalauko behin betiko zerrendan sartzea. Ni buru-belarri ari naiz lanean horretarako”. Nely Carla Albertok argi hitz egiten du; abuztuan hasiko diren Rioko Olinpiar Jokoetara joatea du helburu. 

Espainiarekin kontzentratuta egoteko hautatuak izan diren jokalariek datorren aste hasieran jakingo dute Riorako txartela edukiko duten edo ez. Asteburuan 4 Nazioen Txapelketa jokatuko dute Norvegian. 

Duela hamar urtetik bizi da Nely Carla Alberto herrian, senarrarekin. Joan den asteko egun libre batzuk aprobetxatu zituen bueltan etorri eta atseden hartzeko. Tartetxo bat ere eskaini zion Txintxarriri.

Zer moduz doa Joko Olinpikoetarako prestaketa?

Momentuz oso ongi. Andorran hamar eguneko egonaldia egin genuen hilabete hasieran. Horretan, alor fisikoa landu genuen batez ere. Orain, fisikoa eta taktika ari gara lantzen. Eta, asteburu honetan, 4 Nazioen txapelketa jokatuko dugu Norvegian, joko-erritmoa hartzen hasteko.

Hamalau jokalariko behin betiko zerrendan zure izena egongo dela uste duzu?

Nire esku dagoen guztia egingo dut hori lortzeko, besterik ezin dezaket egin, azkeneko erabakia prestatzaileak hartuko baitu. Buru-belarri ari naiz lanean, sasoitsu nago eta oso motibatuta.

Hemezortzi jokalarik ekin genion aurredeialdiko kontzentrazioari hilabete hasieran. Hamalaura iritsi arte deskarteak egingo ditu hautatzaileak; ikusiko dugu zerrenda horretan sartzen naizen ala ez.

Rion ez da batere samurra izango hasiera. Arerio oso gogorren kontra jokatu beharko du taldeak.

Bai, multzo zaila da, hori ezin daiteke ukatu. Dena den, bizitza honetan ezer ez da erraza, eta dominak irabazteko lehian egoteko, onenekin neurtu behar dituzu indarrak lehenago edo beranduago.

Hasiera zaila edukitzeak baditu abantailak: aurrera egitea lortuz gero, final laurdenetako neurketa errazagoa izan daiteke. Seitik lau talde sailkatzen dira hurrengo fasera, eta lor dezakegu helburu hori. Gainera, lehen fase horretan ongi hasten bagara, hurrengo partiduak are konfiantza gehiagorekin prestatuko ditugu.

Errumaniak, Brasilek, Norvegiak, Angolak eta Montenegrok [lehen multzoko arerioak hauek dira] gogotik izerditu beharko dute gu garaitzeko. Debuta abuztuaren 6an egingo dugu Montenegroren kontra.

Brontzezko domina irabazi zenuten Londresen 2012an. Errepikatu ahalko duzue balentria hori?

Eta zergatik ez? Dominengatik borroka egiteko ari gara prestatzen. Urteotan irabazi ditugu zilar eta brontze batzuk; bada garaia urrea lortzeko. Dena den, beste edozein domina kolkoratzea ere sinatuko nuke, nola ez! 

Nola iristen da Nely Carla Alberto denboraldiaren fase honetara? 

Lehen aipatu dudan bezala, oso motibatuta. Denboraldia gorabeheratsua izan da, iazko azaroan kiebra jo baitzuen nire taldeak [Union Begles-Bordeaux-Mios Biganos]. Zorionez, Brest Bretagne taldeak eskaintza egin zidan eta denboraldi bikaina egin dugu: Frantziako Lehen Mailara igo eta Kopa irabazi dugu. Historian aurrenekoz, bigarren mailako talde batek titulu hori irabazi du. Gazi-gozoa izan da urtea: alde txarra, nire taldeak kiebra jo izana; ona, tituluak irabazi ahal izatea Brestekin.

33 urte bete berriak dituzu. Etorkizunera begira zeintzuk dira zure asmoak?

Eskubaloian jokatzen jarraitzeko indartsu eta gogotsu sentitzen naiz. Bi urteko kontratu bat sinatu berri dut Frantziako beste talde batekin; urtebete gehiagoz luzatzeko aukera edukiko genuke 2018. urtean. Beraz, inork ez nazala behar baino lehen kantxetatik erretira.

Hainbat urte daramatzazu Lasarte-Orian bizitzen. Etorri ahal izaten duzunean, nolakoa da zure errutina?

Duela hamar urte hasi nintzen egun senarra dudanarekin ateratzen. Orduz geroztik bizi naiz herrian.

Egun libreak hartzen ditudanean senarra eta txakurrarekin egotea gustatzen zait, kuadrilarekin planak egitea, familiarekin egotea... Askotan gertatzen zaidana da bizpahiru egunez etortzen naizela, eta tarte horretan egon behar izaten dudala denekin. Hori ez da eragozpen, ordea; gustura egiten dut. Asko babesten eta laguntzen nautela sentitzen dut.