Raul Gomez korrikalaria, garaipenaren bidetik

Adrian Garcia 2018ko uzt. 25a, 11:45

Irungo krosean nagusitu da lasarteoriatarra; Kirolprobak liga eta Behobia-Donostia ditu udazkeneko helburuak

Denboraldi bikaina egiten ari da Raul Gomez Margallo Lasarte-Oriako korrikalaria. Santiago eguneko krosean erraz nagusitu zen joan den igandean Irunen; 8.250 metroak osatzen lehena izan zen. Denboraldiko seigarren garaipena du korrikalari beteranoak.

Urte dezente daramatza Margallok goi mailan. Kirolprobak atariak antolatzen duen liga irabazi du azken bost urteetan. Aurten soilik hiru lasterketa besterik ez ditu jokatu, eta 23. postuan da. Baina iragarri du lehian egongo dela. "Azken probetan erabakitzen da. Joan den urteetan azken egunetan irabazi nuen liga. Aurten ere lehian egongo naiz". 

Ondoko emaitzak lortu ditu proba puntuagarrietan: Betelun seigarren, Zumaian hirugarren eta Hernaniko Sagar Lasterran bigarren egin du. Oporrak medio, huts egin behar izan du askotan. Baina udazkenekoetan sailkapena irauli dezakeelakoan dago. 

Baina horiez gain, beste hainbatetan ere parte hartu du. Guztira hemeretzi egin ditu, eta seitan igo da podiumaren lehen koskara. Loiolan, Amaran eta Adunan ditu hurrengo hitzorduak. 
Lasterketa motzak ditu gogoko, hamar kilometroko azkarrak. Baina uda partean entrenamendua aldatuko du, Behobia-Donostia baitauka buruan. "1:08 ordutik jaistea gustatuko litzaidake".