Puntuen faltan, sentsazio onak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urr. 29a, 10:50
Emakumezkoen senior mailan ederki ari da lehiatzen Trumoi Eguzki. Estreinakoz aritu da Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan, asteburu honetan. Ezin izan du punturik bildu, baina sentsazioak oso onak dira

Liga hasiera ez da samurra izan Trumoi Eguzkirentzat. Aurten sortu dute taldea, eta, normalean, debuta egiten dutenek komeriak izaten dituzte kategoriara eta jokora egokitzeko. Ignacio Pozok entrenatutako taldearen kasua ez da izan hori. Esan bezala, liga hasiera ez da erraza izan beraientzat, baina ez horrenbeste orain arteko bi norgehiagoketan egindakoagatik, arerioen mailagatik baizik. Idiazabal eta Samaniego Orixek sailkapenaren goialdean egoteko adina maila badute, eta Trumoi Eguzkik bikain lehiatu du bien aurka. Puntuen zakua hutsik dute oraindik; sentsazio onena, beteta.

Samaniego Orixerekin neurtu zituzten indarrak herritarrek, atzo arratsaldean, Maialen Chourraut kiroldegian. Zaleen aurrean jokatu zuten aurreneko neurketa izan zen, baina hori-berdeak ez ziren urduri irten kantxara. Kontrakoa: lehenengo 30 minutuetan oso serio aritu ziren, kontzentratuta. Fruituak eman zituen euren ahaleginak, eta Lara Torinosek 1-0ekoa sartu zuen 15. minutuan. Arerioak baino bizkorrago ibili zen, eta aldaratzea sareetara bidali zuen. Atsedenaldia iritsi bitartean abantaila gorde nahi izan zuen Eguzkik, baina ez zuen lortu, gutxigatik. 30. minutura iristeko bost eskas falta zirela, etxekoen akats bat baliatu eta banakoa sartu zuen Orixek, kontraerasoan. 

Berdinketa hatz mamiekin ukitzen

Bigarren zatia lehenengoa bukatu bezala hasi zen. Kanpoko taldeak dominatzen zuen jokoa, berak zeukan baloia, baina Trumoi Eguzkiko jokalariek defentsa lan ona egin eta ez zieten euren ate ingurura hurbiltzen uzten. Halere, Orixek hartu zuen aurrea markagailuan, 1-2. Kolpe gogorra izan zen hori etxekoentzat, baina ez zuten amore eman eta borrokan jarraitu zuten, saria lortzeraino: Ainhoa Mangasek baloia sareetara bidali eta binakoa ezarri zuen.

Puntu oso baliotsu bat zeukan Eguzkik zakuan, norgehiagoka bukatzeko minutu gutxi falta zirenean. Urrea balitz bezala gorde nahi izan zuten, baina Orixek gaur-gaurkoz maila gehiago daukala erakutsi, eta, 2-3koa lortuta, hiru puntuak eraman zituen Tolosa aldera.

Bi partida jokatu eta gero ez du punturik bildu Trumoi Eguzkik, baina erakutsi du gai dela edozein talde estu hartzeko eta ondo lehiatzeko. Aurten debutatzen ari den talde bat izateko, ez da gutxi. Etorriko dira puntuak.

Argazki galeria