Imanol Galarraga: "Pozik nago egindako lasterketarekin"

martin-vicioso 2017ko eka. 2a, 17:00
Euskal Herriko kirol froga gogorrenetako batean hartu zuen parte igandean Imanol Galarraga gazteak: Zegama-Aizkorri mendi maratoian, 06:43:17ko denbora eginez

Lehenengo aldiz, Zegama-Aizkorri lasterketan hartu du parte Imanol Galarraga (Lasarte-Oria, 1995) gazteak. Igandeko bizipenak eta sentsazioak partekatu ditu Txintxarri-rekin

Nolatan erabaki zenuen izena ematea?

Hasierako helburua ez zen aurten parte hartzea. Lasterketa egina duen lankide batek azaldu zizkidan izena emateko prozesuaren nondik norakoak. Zozketan aukera gehiago dituzu  urtero saiatuz gero. 8.300 pertsonek eman dute izena aurten, eta lehenengoan egokitu zait niri!

Prest zeunden mendi maratoia egiteko? 

Hasieran zalantza handiak izan nituen. Hogei kilometro inguruko lasterketak egin izan ditut orain arte. Etor Mendia prestatzaile fisikoarekin hasi nintzen lanean eta helburua zehazteko eskatu zidan, gerora, haren gainean lan egin ahal izateko. Lasterketa amaitu nahi nuen, eta hori eskuratu ahal izateko pultsazioetan eta denboran oinarritutako ariketak proposatu zizkidan. Mekanikoak, baina eraginkorrak.

Pozik zaude lortutako emaitzarekin? 

Bai. Amaitzea zen helburu nagusia eta hori 6 ordu eta 43 minututan lortu nuen. Egia esan, aurretik egindako frogen ondoren, sei ordu eta erditik jaistea jarri nion helburu nire buruari. Ez zen posible izan, baina kontuan hartuta nire lehenengo mendi maratoia dela, eta hiru hilabetetan prestatu dudala, uste dut lortutakoa nahiko ondo dagoela.

 

Ia zazpi orduko esfortzua egin behar izan zenuen. Ez zen xamurra izango.

Ez. Ondo hasi nintzen. Aratz bitarteko bidea erritmo onean egin nuen. Hau da, lehenengo hamasei kilometroak. Goitik beherakoan ez nuen ezer jan, eta agian hori izan zen nire hutsegiterik larriena. Aizkorrin gora sekulako txakalaldia izan nuen. Gaizki pasa nuen hor. Tontorrean koadrilako lagunak nituen zain eta freskagarri bat hartu nuen bertan. sei ordu eta erdiko helburua ahaztu, eta amaitzeko asmoa soilik nuen buruan. Bost minutu etzanda egin ondoren, nahiko egoera onean jarraitu nuen. Azkenean ez nintzen nire helburutik gehiegi aldendu. Denbora igaro ahala, gehiago baloratuko dudala uste dut.

Giro polita egoten da lastertekan zehar. 

Oso. Jende asko biltzen da, eta horrek asko edertzen du lasterketa bera. Lagunak eta familia ere gerturatu ziren ni animatzera, eta hori niretzat euskarri izan zen. Momentu latzetan aurrera egiteko indarra eman zidaten.

Eguraldiak baldintzatu zuen froga?

Azkenean, uste baino eguraldi hobea eduki genuen igandean. Aste osoa igaro nuen beroaren beldurrez. Hala ere, azkenean, giro egokia izan genuen lasterketan, eta horregatik uste dut garaileek markak hobetu zituztela.

Errepikatzeko asmoz?

Bai. Berriro zozketan sartu beharko naiz, baina egokituz gero, aurtengo marka hobetzen saiatuko naiz.