Porrotak, aurrera egiteko ezinbesteko ikasgaiak
Ostadar SKTko Erregional Preferenteak mailari eutsi dio, Martutenek uko egin dion plaza hartuta. Denboraldi kaskarra izanagatik, alde onak nabarmendu ditu Aizpurua entrenatzaileak: "Estuasunak talde izaera indartu du. Benetako masterra izan da"

Ostadar SKTko Erregional Preferenteko futbolariek arnasa hartu dute azkenean. Estu ibili dira azken boladan, kategoriari eusteko emaitzak ezin lortuta. Joan den larunbatean jaitsierako kanporaketa galdu zuten Aretxabaletan, eta kolpe gogorra jasota itzuli ziren herrira. Halere, futbolean izaten dira ezusteak. Denboraldi osoan izandako zorte txarra irauli zaio behingoz Ostadarri, eta bulegoetan irabazi du zelaian galdutakoa. Martutenek ez du taldea aterako hurrengo denboraldian, eta plaza hori aprobetxatuko dute urdin-beltzek. 

Emaitzak bestelakoa erakusten badu ere (2-0), kanporaketa irauli ahal izan zuten lasarteoriatarrek. Lehen zatia gogorra izan zen, eta gol aukera ugari izan arren, baloia ez zen ate barrura sartu. Aretxabaletaren golak kondenatu zuen gero Ostadarren nahia. 

Denboraldian izandako gorabeherak igarota, "oso pozik" dago Axi Aizpurua seniorren entrenatzailea. Halere, taldeak ez du berehalakoan ahaztuko ikasturtea. "Benetako master bat izan da, gauza asko ikasi ditugu. Ikusita denboraldia-aurrean zer panorama genuen; taldea erabat berritu dugu, jende gazte askorekin, eta eskarmenturik gabekoak". 
Horrexegatik kosta egin zaie martxa hartzea. Eguberrietan jaso zituzten pare bat errefortzu, taldera itzulitako bi jokalari ohi: Ganix Arrondo eta Aigor Aizpurua. "Bultzada bat eman digute, baina ez da nahikoa izan". 

Halere, entrenatzaileak alde ona nabarmendu du: "Sufritu dugu, baina baita asko gozatu ere. Garaipen bakoitza Champions-eko finala balitz bezala ospatu dugu. Galdu ere, denok batera galdu dugu". Batez ere talde izaera indartzea ekarri dute estuasunek. "Multzo trinko bat osatu dugu". 

Izan ere, behin dinamika txar batean sartuta zaila izaten da hortik ateratzea. Batzuetan zorte faltagatik, beste batzuetan partida ongi ixten ez jakiteagatik, aldapatsua egin zaie jokalariei liga. "Egoera txar bat zuzentzen duzu, baina hurrengo partidan beste toki batzuetatik etortzen zaizkizu hutsegiteak. Urte guztian eduki dugun zorte txarrari buelta eman dio erabaki administratibo horrek", azaldu du Aizpuruak.  

Hurrengo urteari begira 
Entrenatzailea hasi da dagoeneko hurrengo denboraldia prestatzen. Mailari eusteak indarra eman dio jokalariak erakartzeko. "Herri guztiak ikusi du zenbat sufritu dugun, eta espero dut bat baino gehiago hurbiltzea laguntzera, eta sortu dugun taldetxo honi jarraipena ematera". Taldetik joandako futbolariak berreskuratzea da orain entrenatzailearen intentzioa. "Michelin bete eta jendeak futbolaz gozatzea da gure helburua".  

 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
LOREA
Zorionak printzesa zure zazpigarren urtebetzean, aitatxo, amatxo, eta Oihanaren partez. Asko maite zaitugu!!!
AZKEN PDFa
1427 ( Ekainak 22 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Acha-Orbea ( Igandea)
Hipodromo etorbidea 6
Tel: 943 363549
ASTEA
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gil ( Asteartea )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Acha-Orbea ( Asteazkena )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Gandarias-Uribe ( Osteguna )
      IƱigo de Loyola 9
      943 019521
    • Urbistondo ( Ostirala )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Urbistondo ( Larunbata )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48