Arerio zuzenen aurkako neurketak irabazteak balio bikoitza dauka: zuk zakuratzen dituzu garaipena eta puntuak, eta arerioek ez dituzte irabazten. Aukera polita zuen gaur Intza KEko pilotariek zulotik ateratzeko, baina, den-dena eman arren, ezin izan dute Tolosa-Aurrera mendean hartu, Michelingo pilotalekuan. Azkenean, 22-16 gorrien alde.
Horrelako neurketak ez dira luzimendurako. Irabazi ala irabazi, ez dago besterik. Asko zuten jokoan bi bikoteek: bi neurketa jokatuta orain arte, eta biak galduak. Irabazten zuenak urratsa emango zuen kategoria mantentze aldera. Garbi ikusi da tentsio hori partiduan zehar, aurreneko tantoetan batez ere. Boxeoa balitz, puntuetan ere ez legoke argi nork irabaziko lukeen: kolpea Intzakoek Tolosari, eta bueltan gero Tolosakoek Intzari. Atsedenaldira bi tantoko aldearekin iritsi dira Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola, bikote urdina: 10-12.
Iñaki Elola, protagonista
Elola abizeneko pilotari bat izan da protagonista nagusia gaurkoan. Herritarren zoritxarrerako, ez da Mikel izan, Intzako atzelari zaildua, Tolosako aurrelari gazte Iñaki baizik. Azken asteotan eskuin eskuko minez ibili da Elola, eta gaurko osatu bada ere, une batzuetan min keinuak egin ditu. Artetxek, atzelariari lagundu asmotan, airez eraman ditu tolosarren hainbat sake. Errematatzeko modukoak izan dituen pilota gehienak baliatu ditu Iñaki Elolak, eta egin ditu bospasei tanto eder, txokoan maisuki utzitakoak gehienak. Aitor Biain bikotekidea ere oso sendo aritu da atzeko koadroetan.
Artetxe eta Elola lasarteoriatarrak ez dira amore ematen duten horietakoak, eta borrokan jarraitu dute, azken izerdi tanta bota arte. Atsedenalditik bueltan abantaila galdu eta 16-12 galtzera ere iritsi diren arren, suspertu eta bi tanto eder egin dituzte jarraian (aipatzekoa Elolaren ezker gantxoa, bosgarren koadrotik, arerioak tokiz kanpo zeudela baliatuz). Halere, hurrengo tantoan sakea berreskuratu dute tolosarrek, eta ez diote partiduari ihes egiten utzi. Azkenean, 22-16.
Hirutik hiru neurketa galdu ditu Intza KEk. Gipuzkoako 1go mailan ari da lehian, bigarren urtez. Zortzi taldek osatzen dute ligaxka, eta guztiek guztien aurka jokatzen dute, partidu bakarrera. Hortaz, zazpi partiduko liga da. Lau geratzen zaizkie lasarteoriatarrei egoera iraultzeko. Ez da egoera samurra, baina gaitasuna soberan dutela erakutsi dute hainbat eta hainbat pilota arratsaldetan.