Podiumik ez, baina dozenaka marka hautsita

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 22a, 14:00
Lehen postuetatik urrun geratu da Buruntzaldea IKT Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketan, nahiz eta lan ona egin: 43 errekor hautsi dituzte Tolosan egindako txapelketan. Soilik hamabost igerilari lehiatu izanak kalte egin die sailkapenean

Azken zazpi zortzi urteetan beti podiumean egon da Buruntzaldea IKT. Asteburu honetan jokatutako  Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketan, ordea, lehen postuetatik urruti geratu da, baina egindako lanarekin harro itzuli dira igerilariak. Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko arduradunak azaldu duenez, kirolariek "dena" eman dute. Lortutako marka mordoak erakusten du hori; guztira 43 marka pertsonal ondu dituzte, hamalau taldeko errekor berri eta nesken erreleboetako bost marka berri. 

Lasarte-Oria taldeko hamabost igerilari aritu dira Tolosako txapelketan. Lehiaketa mota honetarako kopuru murritza da, eta horrek izan du eragina azken emaitzan. Mutilek zortzigarren postuan amaitu dute, neskek zazpigarrenean, eta, orotara, seigarren izan da Buruntzaldea IKT. Izan ere, igerilari bakoitzak puntuak ematen dizkio taldeari, lortutako emaitzen arabera. Eta podiumean egoteko behar-beharrezkoa da proba guztietan puntuak ateratzea. 

Euren marka pertsonala hobetu dutenen artean dago Lander Sorozabal; 1.500  metrotan 18:10,89 eta 800 metrotan 9:39,01 denbora egin du, eta taldeko absolutu mailakoa hobetu du. Iñigo Ibarburu ere sendo aritu da, eta marka pertsonaletik gertu geratu da, proba guztietan lehen postuan sailkatzeaz gainera. Haitz Mitxelenak bular estiloko 100 eta 200 metroko markak hobetu ditu (1:16,82 eta 2:40,02), eta 200 tximeletan 2:12,98 denboran ezarrri du bere marka onena.Unai Sagarzazuk ere ezusteko atsegina eman du. 100 librean 1:00,15 egin du; 200 librean 2:10,59; 50 librean 28,09; eta 400 librean 4:36,73. 

Nesken artean, berriz, Paula Sevillanok 400 libreko 4:34,42  marka lortu du, eta Espainiako Neguko Txapelketan parte hartzeko sailkatu da. Leire Martinek, bestalde, 100 librean 1:00,51 denbora egin, eta marka pertsonala hobetu du. 

Xabier Elizegi, hirugarren

Buruntzaldea IKTz kanpo egon dira ere lasarteoritarren emaitza txukunak igeriketan. Xabier Elizegi herritarrak Gipuzkoako Masterren Open lehiaketan emaitza onak lortu ditu, Legazpin. 200 metro librean hirugarren egin du  Donostiako Kairoscore taldeko igerilariak.