Pala txapelketa, azken txanpan murgilduta

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 21a, 14:00
Asteazken arratsaldean Santa Ana Pala Txapelketako 36. edizioko final nagusia jokatuko dute Astiazaran-Arluziaga eta Artetxe-Urkia bikoteek.

Parodiarekin batera, pala txapelketa da Santa Ana eguneko beste ekitaldi finkoa; aurten, 36. aldia du. Azken asteetan multzoko ligaxka jokatu ondoren, zehaztuak daude finalak eta hirugarren eta laugarren postuko partidak jokatuko dituzten bikoteak. Finala Xenki Astiazaranek eta Iñigo Arluziagak osatutako bikoteak, eta Jon Pello Artetxe eta Haritz Urkiak osatutakoak jokatuko dute. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida, berriz, Josu Iparragirre-Fernando Martin eta  Jon Pagola-Jesus Ferreira bikoteek jokatuko dute.  

Sei taldeko ligaxka osatu dute, eta joan etorriko partidak egin ostean, Astiazaranek eta Arluziagak osatutako bikotea lehen postuan geratu da.Horiek dira faboritoak Santa Anako txapelketa irabazteko asteazkenean; iaz ere garaile izan zen bikotea. 

Santa Ana egunez, arratsaldez jokatuko dute finala, Loidibarren frontoian. Aldez aurretik jokatuko dute hirugarren eta laugarren posturako partida. 17:15ean hasiko dira partidak. Santa Ana eguneko ekitaldi nabarmena izanik, frontoia ikusleez betetzea espero da, aurtengo bikote hoberenak nor baino nor lehian ikusteko.

Partiden ondoren, sariak banatuko dizkiete finalistei, eta opariak zozketatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Sei talde izan dira aurten pala txapelketan, baina horietako batek erretiratu egin behar izan du azkenean: Gari Arteagak, Aitzol Irazustabarrenak eta Axular Iparragirrek osatutako hirukoteak ez du txapelketan jarraitzerik izan. 

Suspertzearen zain
Aurtengoa ez da Santa Ana txapelketarik arrakastatsuena izan parte hartzaile kopuruari dagokionez. Sei bikote aurkeztu dira, eta batek ezin izan du lehiaketa amaitu.

Datozen urteei begira, odol berriaren beharrean dira antolatzaileak. Horregatik, herriko gazteen parte hartzea sustatu nahi dute.