Ostadarrik gabeko ekaitza Michelinen

jon-altuna-egitegi 2015ko urt. 31a, 21:10
Ohorezko Erregionalek 1-6 galdu dute Elgoibarren aurka eta jaitsiera postuetan sartu dira. Hiru gol hamar minututan. Lehen zatiko hamargarren minututik hogeigarrenera hiru gol jaso dituzte lasarteoriatarrek. Hortxe galdu dute Ligako 20. jardunaldian jokoan zegoen guztia. Puntuak, eta sailkapenean gora egiteko aukera eta konfiantza ere bai. Kolpea bikoitza izan da gainera, Ostadarrek azpitik zituen hiru taldeek puntuak zakuratzea lortu baitute asteburuan. Antzuolak eta Hondarribiak bana berdindu dute eta Usurbilek 1-0 irabazi dio Bergarari. Lanean jarraitu behar mailari eusteko.

Barrurako giroa egin du arratsaldean Lasarte-Orian. Euria, haizea, kazkabarra... Ekaitza azken finean. Eta Michelinen gogor jo du gainera. Ostadarrik ez dugu ikusi ez zeruan, ezta Michelingo berdegunean ere.

Elgoibartarrek hartu dute aurrea markagailuan, 12. minutuan eskuin hegaletik barnekaldia egin eta bigarren zutoinean bakarrik errematatu du kanpoko aurrelariak Iker Hernandoren sarea zulatuz. Atsedenaldira joan aurretik beste bi jaso ditu Ostadarrek gainera, hamar minutuko tartean. 

Aitor Maneroren gola izan zen arratsaldeko ostarte bakarra. Argi printza bat izan da aldageletarako bidea hartu baino lehenago gola sartu izana. Elgoibartarren defentsak eta atezainak ez dute elkar ulertu eta Manerok baloia lapurtuta gola egin du. 

Aldeak txikituta, bigarren zatiari hasiera bikaina eman diote Mikel Medina eta Gabi Sanchezen mutilek. Zelai erdiaren jabe egin dira eta aukeraren bat edo beste sortu arren, tamalez, 1-4koa sartu du Elgoibarrek aldaratzez jositako jokaldi nahasi baten ostean. Eta hor bai, hortxe amaitu da benetan neurketa. Amore eman dute herritarrek eta beste bi gol sartu dizkiete partiduaren hondarrean.

Sua beheko postuetan
Antzuola, Usurbil, Bergara, Hondarribia eta Ostadar dira Ohorezko Erregional maila galtzeko arrisku gehien duten taldeak. Oraindik jokatzeko neurketa asko geratzen diren arren, aurkari zuzenen aurka puntuak pilatzea ezinbestekoa izango da hemendik aurrera, gol averagea tarteko.

Datorren astean Bergararen aurka jokatuko du Ostadarrek. Lasarteoriatarrek bezalaxe, 20 puntu dituzte bergararrek sailkapenean eta irabazten duenak aurrerapauso galanta emango du salbazioaren bidean.