Herrian ia 1.000 kirolari mugitzen ditu Ostadar SKTk urtero, hainbat ataletan: futbolean, saskibaloian, ipar martxan, txirrindularitzan, toka eta bolan, mendian, errugbian eta kirol egokituan. Bazkideen ekarpena ezinbestekoa dute, orain arte bezala kirol egitasmoak antolatzen jarraitu nahi badute. 2018ra begirako kanpaina ireki dute honezkero; abenduaren 22ra arte edukiko dute aukera lasarteoriatarrek, apuntatzeko.
Prezioak honakoak dira: 16 urte bitartekoentzat, 15 euro urtean; 17 urtetik gorakoentzat, 25; eta, familientzat, 50. Informazio gehiago nahi duten herritarrek hainbat bide dituzte: joan daitezke Ostadarren bulegora (Geltoki kalea, 25), idatzi dezakete mezu bat ostadar@ostadarskt.eus helbide elektronikora edo deitu dezakete 943 36 04 33 telefono zenbakira.
Zergatik izan bazkide?
Kanpaina martxan jartzearekin batera, Ostadar SKTk hainbat arrazoi ematen ditu, herritarrak anima daitezen bazkide izatera. "Herrian kirola egin dadin aritzen gara lanean; urtero ia 1.000 kirolari mugitzen ditugu", nabarmendu dute arduradunek. Urtean hainbat kirol egitasmo antolatzen dituzte: Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia eta Korrika Festa, 3x3 saskibaloi txapelketa herrikoia edota bolo eta toka jardunaldi bereziak, besteak beste.
Bestalde, bazkide izateak abantaila bereziak dituela ere gogoratu dute: kros herrikoian parte hartu nahi duten herritarrek gutxiago ordaintzen dute apuntatzeagatik, eta gabonetako otarre bat irabazteko aukera ere badute. Ostadarrek urtero zozketatzen du bat.