Donostiako Seminario P. Eriz kiroldegian jokatu zen senior gizonezkoen 3. mailako Lauko Finala. Eibarko Katu-Kale taldearen aurka neurtu zituzten indarrak Ostadar SKT-ko mutilek, baina ezin izan zuten garaipena eskuratu. 49-53 gailendu ziren debabarrenarrak eta, ondorioz, lasarteoriatarrak igoera lehiatzeko aukerarik gabe geratu ziren.
Serio hasi zuten norgehiagoka urdinbeltzek, eta atsedenaldira hiru puntuko aldearekin joan ziren. Defentsan gogor aritu ziren eibartarrak, saskiratzeak ahalik eta gehien zailduz. 26 jaurkiketa libreetatik erdia soilik izan ziren balekoak.
Jose Luis Alonsok zuzendutako taldeak egindako esfortzua motz geratu da aurten, baina datorren urtean bigarren mailara igotzeko amorruz bueltatuko dira.
Juniorrak, maiatzean
Emakumezkoen junior mailako lehenengo taldeak maiatzaren 6an eta 13an jokatuko du Lauko Finala Gaska kiroldegian.