Ostadar SKT Gipuzkoako txapeldun 1go kadete mailan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 3a, 22:11
1go kadete mailako Ostadar SKTk Gipuzkoako Kopa irabazi du gaur arratsaldean Zubietan. Aurkari Mariño baino gehiago izan dira 'Gorri' eta Manolo Elizalderen mutilak eta 3-1 irabazi dute.

Zubietako Z4 zelaian une latzak bizitu ditu Ostadar SKTk berriki, Ohorezko Jubenilek Euskal Ligara igo ezin izan zutenean batez ere. Gaur atera du arantza herriko kirol klubak, 1go mailako kadeteek Gipuzkoako Kopa irabazi baitute. Mariño izan dute aurkari, eta jokalari guztiak urtebete gazteagoak izanda ere merezimenduz altxa dute garaikurra. 3-1 nagusitu dira Jose Manuel Loiarte 'Gorri' eta Manolo Elizaldek entrenatutako jokalariak.

Gogotik egin behar izan dute lan urdin-beltzek. Hobeto ekin dio norgehiagokari Mariñok: baloiaren jabetza bereganatu eta arriskua sortu dute Xabat Bergararen ate inguruan. Lehenengo hamabost minutuetan majo sufritu du Ostadarrek baina ez du golik jaso kontran. Are, herritarrek sartu dute aurreneko gola. Sekulakoa izan da: Jon Agirrek area kanpoan baloia jo du, kontrolatu gabe, eta eskuadra guztitik sartu da. Bigarrena ere gertu eduki dute, baina atezainak sekulako gelditua egin dio Eneko Lanchasi, penaltia ongi bota duen arren. Atsedenaldira joan aurretik beste kolpe bat jaso dute Gorri eta Elizalderen mutilek, Mariñok banakoa sartu baitu.

Merezitako saria

Aurreneko 45 minutuetan nagusi izan bada ere, Ostadarrek ez du lortu hori markagailuan islatzea. Lehenengoan ez, baina bai bigarrenean: Iker Sarasola kapitainak eta Andonik sartu dituzte herriko taldeari kopa eman dioten bi golak. Herritik Zubietara joandako zaleek gogotik ospatu dute jokalari gazteek lortutakoa. Zeresan handia ematen ari da belaunaldi hau klubean, eta etorkizunean juntu mantentzen badira gisa honetako kronika gehiago irakurri ahalko ditugu.

Epaileak partidua bukatutzat eman duenean lehertu da festa. Jokalariek eta euren lagun zein ahaideak zelaian sartu eta ederki ospatu dute. Iker Sarasola kapitainak jaso eta altxa du Gipuzkoako Kopa. Argazkien garaia iritsi da ondoren; denek nahi zuten baten bat kopa eskuetan. Ez da gutxiagorako, horraino iristeko lan handia egin behar izan dute eta.