Ostadar Inklusioa: kirolaz gaindiko irakaspena
Bigarren denboraldia hasi du Ostadar Inklusioak. Hamar gaztexok astero entrenatzen dute Lasarte-Oriako kiroldegian. Kirolaz gozatzeko aukera eskaintzen du taldeak, baina ariketa fisikoaz harago doa proiektua: haurren autonomia lantzea du xede

Entrenamendua hasi baino hamabost minutu lehenago hasten da lanean Jurgi Olasagasti. Ostadar Inklusioa taldeko entrenatzailea da, Amaia Cadarsorekin batera. Haurrak entrenatzera etorri aurretik aulkiak prestatzen ditu, babesleen afixak ongi ipintzen (Michelin eta IK4 enpresen babesik gabe ezingo lituzkete aulki gurpildunak erosi), gurpilen presioa egiaztatzen... "Gure helburua ere bada pixkanaka haurrak aulkien mantenuaz arduratu daitezen, haien artean laguntzeko". Urritasunen bat duten hamar gaztetxok asteazkenero entrenatzen dute Maialen Chourraut kiroldegian. Bat ez beste guztiak dira kanpotik etorriak: Ataundik, Irundik, Errenteriatik... "Horrelako baldintzetan dauden pertsonak ez dira asko, eta herri bakar batean are gutxiago. Zaila da horrelako taldeak sortzea beste herrietan", azaldu du Olasagastik.  Hain zuzen, horixe da Ostadar Inklusioaren helburua: kirola egiteko aukera ematea edozein haurrei. 

Olasagastiri zer pentsatu ematen dio kirolarietan ikusten duen jarrera. "Oso aberasgarria da. Urrutitik etortzen dira, kirola egiteko beste aukerarik ez dutelako, besteen eskubide berberak ez dituztelako. Eta halere, normaltasunez eramaten dute aurrera haien bizitza".  

Gogotsu joaten dira gaztetxoak entrenatzera. Giro ona dute taldean, txantxak eta barreak dira nagusi. 9 eta 17  urte bitartekoak dira denak, baina adin mugarik ez dute. Hain justu, ez dute inongo mugarik: urritasunik ez dutenak ere entrenatzen dute eta. Inklusioa baita hitz gakoa. 
Beroketa batekin hasten dute entrenamendua. Entrenatzaileek ez dute beroketa gidatzen, saio bakoitzean taldekide batek egiten du. "Oso garrantzitsua da ohitura batzuk hartzea. Haien artean lagundu behar dira materiala ateratzeko, aulkietan esertzeko...", dio Olasagastik.  

Eskola kiroleko filosofia
Eskola kiroleko filosofia dute entrenamenduek. Jokoen eta ariketen bidez lantzen dituzte haurren gaitasun fisikoak. "Hastapen bat da. Ondoren bideratzen ditugu kiroletara. Normalean saskibaloira, topaketetan parte hartzeko aukera gehien dituelako. Baina eskubaloia, errugbia, eslalom eta badmintona ere ikusi ditugu".

Abiadura eta aulkiarekin trebezia landu dute asteazkeneko saioan:  harrapaketetara jolastu dira, eta ondoren kono batzuekin marraztutako zirkuitu bat egin dute taldeka, ahalik eta azkarren. Lehia sanoa dago giroan. 

Kalean edonon topatu ditzakete oztopo arkitektonikoak, baina Maialen Chourraut kiroldegian "gustura" daude. Korridore bat utzi diete aulkiak gordetzeko, aldagela egokitu bat dute, eta igogailua erabiltzen dute. 

Autonomia lantzen
Bigarren denboraldia du Ostadar Inklusioak, eta ongi finkatuta dituzte helburuak. Batetik, kirol diziplina desberdinak ezagutarazi nahi dituzte. Bestetik, txapelketetan parte hartu, "lehiaketaren esperientzia ezagutzeko". Esaterako, Ander Altunak hirugarren egin zuen handbike-arekin (eskuko bizikletarekin)joan den asteburuan. "Bi kilometro egin nituen bigarrenaren atzetik, baina gero ihes egin zidaten", dio Altunak. 

Edonola ere, helburu garrantzitsuena kirolaz gaindikoa da: "Haien autonomia landu nahi dugu. Herritik atera, eta asteburu bat kanpoan nola igarotzen duten esperimentatu, kirol ekitaldi bat aitzakiatzat hartuta". Izan ere, askotan ezin dute ikastetxeetatik antolatzen dituzten txangotara joan, egokituak ez daudelako. "Horrelakoetan autonomia eta elkarbizitza lantzen dira, baina haiek ez dute aukerarik". 

Ez da Ostadarreko taldekideen kasua, baina batzuetan gaztetxoak zailtasunak izaten dituzte sozializatzeko. Kirolak horretan laguntzen die, beste edonori bezala: "Talde nortasun bat sortzen da: ni Ostadarrekoa naiz".

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
ZORION AGURRAK
URKO ETA ODEI
Zorionak Urko eta Odei, muxu pila bat familia guztiaren partetik. Zorionak!
AZKEN PDFa
1400 ( Azaroak 17 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
De Miguel ( Astelehena)
Kale Nagusia 32
Tel: 943 371151
ASTEA
    • Lasa ( Asteartea )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gil ( Asteazkena )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Acha-Orbea ( Osteguna )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Urbistondo ( Ostirala )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Lasa ( Larunbata )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Lasa ( Igandea )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48