Ostadar Antonio Aroztegiak 2-3 galdu zuen Oiartzunen aurka, lehenengo jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 21a, 19:30
Beste denboraldi batez, Ostadar Antonio Aroztegiak areto-futboleko 3. Nazional mailan lehiatzeari ekin dio. Ez modu onenean, ordea: Oiartzunen aurka jokatu zuen Udal Kiroldegian, baina ezin izan zuen punturik poltsikoratu, Josean Jimenezek zuzendutako taldeak 2-3 galdu baitzuen derbi gipuzkoar horretan.

Lehenengo zatia oso paretsua izan zen eta inork ez zuen golik sartzerik izan. Bigarren zatian bai, ordea: Oiartzun 0-2 aurreratu zen, 40. eta 43. minutuetan sartutako gol pare bati esker. Atezain-jokalaria atera ostean, Ostadarrek berdindu egin zuen norgehiagoka, eta 3-2koa sartzeko aukera ez baliatu ostean, kontraerasoan, 2-3koa eskuratu zuen Oiartzunek.

Ostadar Antonio Aroztegia: Iban Viña (Aitor Sanz), Arkaitz Merino (1), Diego Tovar, Iñaki Merino, Ander Petxarroman -hasierako bostekoa-; Dani Vidaurreta, Edu Briones, Iñigo Jaka, Imanol Plata eta Asier Perez. 

Larunbat honetan Bizkaia aldera joango da Ostadar; Otxartabe CD bilbotarrekin neurtuko dituzte indarrak, Txurdina kiroldegian, 18:00etatik aurrera.

Derbi erakargarria Gipuzkoako 1go mailan

Lasarte-Oriak Gipuzkoa mailako kategoria gorenean dituen bi ordezkariek, Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek eta ISU Leihoakek, elkarren kontra jokatuz hasiko dute 16/17 denboraldia.

Areto-futbol zaleek hitzordu garrantzitsua daukate larunbat honetan, beraz: 16:00etan hasita, derbi erakargarria ikusi ahalko da Udal Kiroldegian.