Ostadar Antonio Aroztegia mailari eusteko borrokan

jon-altuna-egitegi 2015ko urt. 27a, 13:43
Liga Nazionaleko hirugarren mailan jokatzen du herriko taldeak, Aldaz HK-ak utzitako hutsunea betez. Herriko areto-futbolak duen piramidearen punta da Ostadar Antonio Aroztegia, talderik onena. Gogor ari dira lanean Lasarte-Oriak ahalik eta liga gorenean ordezkaritza izan dezan. Hamalau taldeko txapelketan, 9. doaz herritarrak eta helburua jaitsiera ekiditea da.

Hamabost puntu ditu Ostadar Antonio Aroztegiak estatuko hirugarren mailako ligan. Lau partidu irabazi ditu orain arte, hiru berdindu eta sei galdu. 

Defentsa lanean primeran moldatzen dela erakusten dute datuek, 38 gol besterik ez baititu jaso. Ligako hiru taldek bakarrik jasotzen dituzte herritarrek baino gol gutxiago. Hori bai, erasoan kamuts samar dabiltza Lourdes Murilloren mutilak. Denera 30 gol sartuta, gol gutxien egiten duen hirugarren taldea da Ostadar Antonio Aroztegia.

Murillo prestatzaileak eta jokalariek badakite hori, eta gaitzari erremedioa jartzen saiatzen ari dira: "Aukera asko sortzen ditugu, baina azken errematean egiten dugu huts, zorte apur bat falta zaigu. Halere, horrela jokatuta ziur bigarren itzulian gehiago sartuko ditugula", adierazi du Iñigo Jaka jokalariak.

Dena den, argi dute denboraldiko helburua zein den: "Ez genuke mailari eusteko arazorik izan behar, talde batzuk desagertu egin direlako. Guk sailkapen nagusian ahalik eta goren amaitu nahi dugu", dio Jakak.

Liderraren aurkako derbia
Laskorainen kontrako porrota esperotakoa izan zen, baina lasarteoriatarrek erakutsitako jarrera eta jokoa "pozik egoteko modukoak" izan ziren Jakaren hitzetan.

Tolosako taldea liderra da 32 punturekin eta Ostadarrek, saiatu arren, ezin izan zuen ezertxo ere egin larunbatean kanpotarren nagusitasunaren aurrean. Lehen zatia oso orekatua izan zen eta atsedenaldira 1-1eko emaitzarekin joan ziren, Iñaki Merinoren golari esker. Bigarren zatiari ekin bezain pronto, Laskorainek sartu zuen, baina Iñigo Jakak berak 2-2koa jarri zuen markagailuan. 

Ongi ari zen Ostadar, bizi. Tamalez, zelai erdian baloi bat galdu eta 2-3koa sartu zuten tolosarrek. Atezain-jokalariarekin saiatu arren, ez zuten fruiturik jaso eta azkenean 2-4 eman behar izan zuten amore Ostadar Antonio Aroztegiko jokalariek.

Duela hamabost egun Goierri bigarren sailkatuaren aurka jokatu zuten, joan den astean Laskorain liderra hartu zuten kiroldegian eta asteburuan Bilbo laugarren sailkatua izango dute aurkari etxetik kanpo. 'Urtarrileko malda' amaitzear da. 

Gipuzkoako Ligak Ostadar Cecilia Kebab Lasartek 8-1 garaitu zuen Legorretako Gazte Piku probintziako III. mailan hirugarren postuan kokatzeko. ISU Leihoak taldeak aldiz, atsedena izan zuen Gipuzkoako I. Mailan.