Euria goian-behean. Futbolean bainoago, ur-poloan aritzeko moduan zegoen Michelin atzo. Ohorezko Kadeteek oso ondo jokatzen dute, baloia alde batetik bestera bizkor mugituz, behetik. Atzo ez zen egun aproposena hori egiteko, baina hiru puntuak berdin-berdin poltsikoratu zituzten, baina lan-jantzia soinean jarri eta partidua aurrera atera zuten. 2-0 etxekoen alde, azkenean. Billabonarekin neurtu zituzten indarrak. Golak Iker Sarasolak eta Asier Gonzalezek sartu zituzten.
Goiz da oraindik kalkuluak egiten hasteko, baina erritmoa mantenduz gero, goiko postuetan egongo da Ostadar SKT maiatzean. Zortzi partida jokatu ditu orain arte: sei irabazi ditu, eta bi berdindu. Tolosarekin eta Vasconiarekin partekatu zituzten puntuak, kategoriako oilarretako birekin. Antiguoko KE dago orain bigarren postuan, 19 punturekin. Michelinen irabazi izan balu, 22 edukiko lituzke, baina urdin-beltzak nagusitu ziren, 4-2. Antxon Navarro, Xabi Ibarra eta Iker Herrerak osatutako hirukoak entrenatzen du taldea. Lan ederra egiten ari dira. Jarrai dezatela horrela.
Partida eroa
Erregional Preferenteak hatz mamiekin ukitu du garaipena gaur goizean, Michelinen. Neurketa oso garrantzitsua zen Ostadarrentzat. Eurak bezala, zulotik burua atera nahian dabil Oiartzun. Bi taldeak aritu dira nor baino nor gehiago, eta puntuak banatu behar izan dituzte azkenean. 3-3 bukatu da norgehiagoka. 3-2koa luzapenean sartu du Ostadar SKTk. Denboraldiko bigarren garaipena zakuratuko zuela zirudienean, azken jokaldian, Oiartzunek berriro berdindu du neurketa. Aho-zapore gazi-gozoa geratu zaie, baina gutxienez bolada txarra etetea lortu dute. Datorren asteburuan Urnietaren aurka jokatuko dute.
Jardunaldiko beste emaitzak: Zumaiako FT 1-1 Ostadar SKT (Emakumezkoen Lurralde maila); Tolosa CF 4-0 Ostadar SKT (Jubenilen Ohorezko maila); Axular KKE 0-3 Ostadar SKT (Jubenilen Lehenengo maila); Ostadar SKT 'B' 1-5 Danena KE (Kadeteen 1go maila). Norgehiagoka batzuk bertan behera geratu dira eguraldi txarragatik.