Nahia Zudaire, Espainiako txapelketan nagusi

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 8a, 10:15
Lehiaketako emaitzak direla eta, AXA taldeak etorkizuneko paralinpiko izendatu du Zudaire. Buruntzaldea IKTko infantil eta alebinek Gipuzkoako Neguko txapelketan eta Eskolarteko Gipuzkoako txapelketan lehiatu dute; marka eta dominak eskuratu dituzte

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek Espainiako igeriketa egokituko txapela eskuratu du aurten ere. Infantil mailako igerilaria urtarrilaren 26ean eta 27an Valdemoron (Madril) izan zen, Euskadiko Selekzioarekin Igeriketa Egokituko Adin Tarteetako AXA Espainiako Txapelketan parte hartzen.

"Aurreko denboraldian bezala, Nahiak txapeldun izatea lortu du, eta gure gaztetxoak duen kirol maila bikaina nabarmen utzi du," adierazi du Buruntzaldea IKTko Borja Apeztegia entrenatzaileak. Zudairek txapelketan jokatutako lau probetan lortutako puntuazioaren baturari esker lortu zuen lehen postua. 

Larunbat arratsaldeko saioan, Nahiak 50 m. tximeleta eta 100 m. libre probatan lehiatu zuen. Bietan marka pertsonala ondu zuen. Tximeletako 50 metroetan 37,34 denbora egin zuen, eta 100 m. libre proban, aldiz, 1:11,75. "Sekulako marka", entrenatzailearen hitzetan. Marka horiei esker, sailkapeneko lehen postuan zen jardunaldia amaitzean. 

"Igandean ere bikain aritu zen Nahia". Lehen proban, 100 m. tximeletan, 1:23,81 eginda bere aurreko marka hobetzea lortu zuen. Eta azkenik, 50 m. librean, 34,42 denborarekin bere laugarren marka pertsonala egitea lortu zuen.

Lau marka pertsonal horiekin  2.764 puntu eta urrezko domina eskuratu zuen. "Aurreko urteko 2.383,4 puntuak nabarmen gainditu zituen". AXA taldearen etorkizuneko igerilari paralinpiko izendapena ere jaso zuen Zudairek sari banaketaren aurretik.

Domina eta marka gehiago

Hori ez da Buruntzaldeako igerilariek azken asteetan lortutako domina bakarra. Pasa den asteburuan infantil mailako Gipuzkoako Neguko txapelketa eta alebin mailako Eskolarteko Gipuzkoako txapelketa lehiatu zituzten, eta Buruntzaldea IKTko gazteak lehen postuetan izan ziren, haien markak onduz.

Aintzane Sarobek 100 m. libre eta 100 m. tximeleta proban Gipuzkoako txapela eskuratu zuen. Lehenengoan, gainera, Espainiako txapelketerako gutxineko marka egin zuen: 1:00,55. Horrez gain, Sarobe txapeldunorde izan zen 200 m. libre proban.

Eneko Elizasu 1.500 m. eta 800 m. libre proban garaile izan zen. Nerea Santosek ere bi proba horietan parte hartu eta urrezko eta zilarrezko dominak lortu zituen. 

Unai G. Somovillak lehen postua egin zuen 200 m. bular proban, eta bigarren postuan amaitu zuen 100 m. tximeleta proba. 

Nora Imazek zilarrezko domina eskuratu zuen 400 m. libre proban. Eta mutilek 4x200 m. libre erreleboan brontzea kolkoratu zuten.

Honez gain, 400 m. librean Eneko Elizasuk eta Unai G. Somovillak Euskadiko gutxienekoak egin zituzten.

Nahia Zudairek ere parte hartu zuen txapelketan, eta 800 m., 400 m. eta 200 m. libre eta 200 m. tximeleta probetako bere markak hobetu zituen.

Halaber, taldeko alebinek Eskolarteko Gipuzkoako XXXIV. Txapelketan lehiatu zuten. 2007an eta 2006an jaiotako neskak eta 2005ean eta 2006an jaiotako mutilak aritu ziren, guztira hamabost igerilari. Gogotsu lehiatu zuten, eta dominez gain, gehienek markak ere hobetu zituzten.

Nahia Goenagak brontzea eskuratu zuen 100 tximeleta proban. Oier Mateos laugarren izan zen 100 m. lau estiloak proban; June Lopez, bosgarren 100 m. bizkar proban; Nerea Irazu laugarren sailkatu zen 200 bular m. proban, eta nesken 4x200 m. estilo libreko erreleboa bosgarren izan zen.

Txikiak, ezagutzak finkatzen

Bestalde, taldeko benjaminek Test/Ligari jarraipena eman zioten. Urtarrilaren 23an, Ordiziako Majori igerilekuan izan zen bigarren jardunaldia, eta horretan taldeko 42 haur "primeran" aritu ziren. 
Aurrebenjaminen mailan, 2010. urteko haurrek, 50 metro bizkar estiloko proba izan zuten; eta 2009. urtekoek, aldiz, 100 m. bizkar proba. 2008. urteko benjamin mutilek 50 m. bular eta 100 m. bizkar probak lehiatu zituzten,  eta 2007. urteko neska-mutilek 50 m. bular eta 200 m. bizkar probak. 4x50 estilo libreko errelebo proba ere egin zuten maila honetakoek.

"Orokorrean, adin tarte hauetan, lehiaketa emaitzak baino gehiago, arautegiaren inguruko ezagutza eta igeri egiteko modu egokia dira garrantzia gehien ematen diegun arloak,  eta zentzu horretan gustura atera ginen", esan du Apeztegiak.