Nahia Zudaire Espainiako txapeldun kirol egokituko 50 bizkar frogan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 27a, 17:32
Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire gazteak emaitza bikainak eskuratu ditu asteburuan Valladoliden. Euskadiko Kirol Egokituko Selekzioarekin aritu da lehian Gazte mailako Espainiako Txapelketan.

Banakako hiru probatan lehiatu zuen (50 libre, 100 libre eta 50 bizkar) eta horretaz gain 4x50 estiloak eta 4x50 estilo libreko errelebuetan ere egin zuen igeri.

Banakako lehiaketetan lortu zituen emaitzarik esanguratsuenak. 50 bizkar proban lehenengo izan zen eta 50 eta 100 libreetan berriz, hirugarren. Sailkapen nagusian bosgarren egin zuen lortutako emaitza onei esker. Errelebu probetan nagusi izan ziren euskaldunak eta taldeka Euskal Selekzioa txapeldunorde izan zen.

Egindakoarekin oso gustura eta pozik azaldu zen Zudaire, eta baita Borja Apeztegia prestatzailea ere: “Asteburu bikaina osatu du Valladoliden, esperientzia polita ekarri du handik. Zorionak eman eta gozatzen segi dezala esatea besterik ez da geratzen”, adierazi du Buruntzaldea IKTko entrenatzaileak.