Munduko Txapelketako finaletik at geratu da Maialen Chourraut

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 30a, 15:30
Zazpi ehunekogatik geratu da Maialen Chourraut Pauko Munduko Txapelketako finaletik kanpo. 105.67 segundoko denbora egin du lasarteoriatarrak, baina ez da nahikoa izan hamar onenen artean egoteko.

Zazpi ehuneko lehenago helmugaratu izan balitz, K1 modalitateko gaur arratsaldeko final handira sailkatuta legoke Maialen Chourraut piraguista. Zazpi ehuneko, eguneroko bizitzan apenas dira ezer, baina eliteko kirolean ikaragarri garrantzitsuak izan daitezke: urrezko domina bat irabazi edo ez, munduko errekor bat ondu ala ez...edo finalera sailkatu edo ez. Hori gertatu zaio gaur goizean herritarrari, egungo txapeldun olinpikoari.

105.47ko denbora egin du Chourrautek: finalerdietako 11. onena. Ez da aski izan gaur arratsaldean dominengatik borrokan egoteko. Jessica Fox australiarra izan da final handira sailkatu den azken piraguista. Fiona Pennie britainiarra izan da azkarrena; 101.90 segundotan geratu du erlojua. Ondoren, Ricarda Funk alemaniarra, 102.49ko denborarekin, eta Corinna Kuhnle austriarra, 103.12 eginda.