Martxan da XXIX. Squash Txapelketa Soziala

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 21a, 12:10
Apirilaren 3an hasi zen Squash Txapelketa, eta 21 parte-hartzaile lehiatuko dira astelehenetik ostiralera. Maiatzaren 23ra bitartean luzatuko da lehenengo fasea, eta Txapeldunen fasea bi multzoetako hiru onenek jokatuko dute.

Aurtengo Squash Txapelketa Soziala martxan da dagoeneko. 21 jokalarik eman dute izena aurtengo txapelketan. Bi multzotan banatuta, euren artean jokatu beharko dute Txapeldunen fasean postua eskuratze bidean. Bi lehenengoek finala jokatuko dute, eta hirugarrenak eta laugarrenak kontsolazio finala.

Txapeldunen fasera sailkatzen ez diren jokalariek beste fase bat lehiatuko dute kanporatze zuzeneko formatuan.

Berdinketarik egongo balitz, lortutako puntuek, seten bataz bestekoak, tantoen bataz bestekoak eta aldeko tantoek izango dute lehentasuna, hurrenez hurren.

Lehenengo multzoan Kinin Calvo, Iker Cañedo, Gorka Arretxe, Oswal Cañedo, Diego Santana, Patxi Delgado, Dei Larrañaga, Angel Rosa, Asier Goikoetxea, Javier Azurza eta Toño Perez lehiatuko dira.

Bigarrenean, berriz, Iñaki Garcia, Xabier Azaldegi, Raul Mateos, Ivan Garcia, Xabi Amiano, Dani Davila, Imanol Olaizola, Aitor Tejero, Juanjo Martin eta Roger Hidalgo izango dira sailkapena bilatuko dutenak.

Astelehenetik ostiralera

Lanegun arratsaldetan jokatuko dira aurtengo txapelketako partidu guztiak, astelehenetik ostiralera. Antolatzaileek 18:00tatik 21:00etara programatu dituzte norgehiagokak. Hala ere, lau jokatu behar diren egunetan 22:00ak arte luzatuko dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, partiduren bat ezarritako egun eta orduan jokatzerik ez balute, jokalariek beraiek adostu  beharko dute hitzordu berria noiz jarri.

Halaber, partiduaren ordutegi aldaketa egin ahalko dute partehartzaileek. Beti ere, ezarritako ordua iritsi aurretik egingo balute. Jokalari bakoitzak hiru aldaketa egiteko eskubidea izango du.

5 jokotara

Ohi bezala, 15 tantoko bost jokotara lehiatuko dituzte norgehiagokak. Hiru jardunaldi jokatu dituzte dagoeneko, eta oraindik ere beste zortzi dauzkate aurretik Txapeldunen fasea iritsi bitartean.