Lasterketa bizietan maisutasunez moldatzen da Maria Eugi herritarra, eta beste behin erakutsi zuen pasa den asteburuko Euskadiko absolutu mailako Atletismo Txapelketan. 100 eta 200 metroetako lasterketetan onena izan zen, 12:16ko eta 25:18ko denborak eginez.
21 urteko gazteak denboraldi bikaina egin du Atletico San Sebastian taldean, eta Euskadiko aire libreko txapelketan borobildu du lana. Nagusitasunez irabazi zituen bi frogak, Berango Atletismo taldeko Jan Karla Perezen aurretik.
Bestalde, LOKE taldeko Eneritz Bustok egindako lana da aipatzekoa. 100 metro hesietan parte hartu zuen, eta brontzezko domina eskuratu zuen Teresa Errandonearen eta Maria Mujikaren atzetik. Marka bikaina ezarri zuten biek, 14 segundutatik jaitsi baitzuten kronoa.
Hala ere, junior mailako txapeldun Eneritz Bustok lan bikaina egin zuen, 14:49 segundutan amaituz. Absolutu mailako Espainiako Txapelketan lehiatuko da Durangon erakutsitako mailari esker.
Urte askotan LOKE taldean aritutako Itoitz Rodriguezek ere emaitza bikainak izan zituen Durangon. Urrea irabazi zuen 400 metroetan, Javier Mariscalen aurretik.
Oro har, herritarren lan ona
Parte hartu zuten dagoeneko lasarteoriatarrek domina etxeratzerik izan ez zuten arren, lan txukuna egin zuten.
LOKEko Ane Galardi podiumetik gertu ibili zen luzeera jauzian: bosgarren postuan amaitu zuen. Naroa Furundarena eta Enara Gonzalez seigarren eta zazpigarren bukatu zuten froga berean. Galardik eta Furundarenak salto hirukoitzan ere parte hartu zuten. Laugarren eta zazpigarren geratu ziren, hurrenez hurren.
Yeray Veroniz lasarteoriatarrak ere podiumetik oso gertu amaitu zuten 100 metrotako froga. 10:91 segundutan amaitu zuen finala, brontzezko domina eskuratu zuen Iker Aldamak baino bi segundu ehuneko motelago. Dena den, pozik egoteko bosgarren postuan amaitu zuen.