Makilak eskuan, eta ibili munduan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urr. 20a, 12:15
Zakua bete gogo eta proiektu berrirekin ekin dio ikasturteari Ostadar Ipar Martxak. Harrera oso ona izan du herrian kirol diziplina horrek; ia edozein adineko pertsonek egin dezake, eta hainbat herritar animatu dira jada makilak hartzera

Taldean ibiltzen dira, makila batzuk eskuetan hartuta, gorputzaren mugimendu denak primeran koordinatzen, kamiseta urdin-beltzak soinean. Gero eta herritar gehiagok dakite Ostadar Ipar Martxa taldearen ezaugarriak direla horiek. Izan ere, kirol diziplina hori Lasarte-Oriara iritsi zenetik, duela hiruzpalau urtetik, parte-hartzaile kopuruak ez dio utzi hazteari.

Lau oinarri ditu Ipar Martxak (Nordic Walking izenez ere ezagutzen da): zuzen ibiltzea, besoak luze edukitzea eta hiruki bat osatzea, eta urrats erritmo aproposa mantentzea. Alfa 247 metodoa da hori. Artikulu honetan nekez azal daitezke kirol modalitate horren nondik-norakoak, eta, horregatik, interesa duen orok hobe du Ostadar Ipar Martxa taldearen arduradunekin harremanetan jartzea, eta hastapen ikastaroa egitea. 

Hilero-hilero egiten dituzte. Normalean, bi aldiz. Azarokoak hauek dira: 4an (larunbata) eta 21ean (asteartea). Abenduan, berriz, 2an (larunbata) eta 19an (asteartea). 30 euro balio dute ikastaroek. Lau eta zortzi pertsona arteko taldeak antolatzen dituzte, eta behar dutenei makilak ere uzten dizkiete. 

Informazio gehiagorako, Ostadar SKTren bulegora joan daitezke, ostadar@ostadarskt.eus helbidera idatzi edo 677 34 52 49 telefono zenbakira deitu.

Behin makilekin ibiltzen eta gorputza koordinatzen ikasita, eta barneratutako kontzeptuak ez ahazteko, entrenamenduak ere prestatzen ditu Ostadar Ipar Martxak. Astero elkartu ohi dira, astelehen eta asteazkenetan, 19:00etan. Ibilbide desberdinak egiten dituzte.

Horrez gain, Ipar Martxaren barruan, modalitate desberdinak eta berriak lantzen dituzte. Mindfulness delakoa da horietako bat: helburua da une zehatz bakoitza erabateko konzentrazioz bizitzea, arnasketan oinarrituz. Giharrak luzatzeko teknika berriak ere irakasten dituzte.

Irteera bereziak

Ibilbide guztiek dute xarma, nola ez, baina urtean behin "irteera bereziago bat" antolatu asmo dute Ostadar Ipar Martxako arduradunek. Irailean, esaterako, Getxo eta Sopela artean ibili ziren. Autobusez joan ziren hara, herritik irtenda; bidaian gida-lanak egin zituzten arduradunek; historia apur bat ikasi zuten parte-hartzaileek. Behin hara iritsita, kirola egin zuten, baina era berean paisaia ederrak ezagutu zituzten, larunbat goiz ederra pasa eta bertan bapo bazkaldu. 

Bistan denez, plan ugari egiten dituzte, baina beste eragile eta elkarte batzuek antolatzen dituzten egitasmoetan ere hartzen dute parte: Euskararen 9. Maratoian, Ostadar Inklusio sailak egindako kirol egokituaren egunean, Gure Esku Dagoren herri galdeketan, Mugikortasun Astean...ez dira geldirik egoten. Gainera, aurreratu dute 2018ko Lasarte-Oria Bai! krosean ipar martxan aritzen direnek lehiatu ahalko dutela. Lasarte-Oriako San Silvestrearen orain arteko bi edizioetan hartu dute parte.

Aurreko astean, esaterako, Kattalin lasterketan (bularreko minbiziaren aldekoa da) hartu zuten parte hainbat kidek.

Rosa Ormazabal, Begoña Moriana, Alex Ramos eta Junkal Perez dira lau irakasleak. "Oso pozik" daude Ostadar Ipar Martxak herrian izan duen harrera eta bilakaerarekin.

Irteerak  2017-2018

Hilabete bakoitzeko laugarren larunbatean.

2017
Urriak 28 Ficoba-Endarlatsa ibilbidea.
Azaroak 25 Arditurrira, Oiartzundik abiatuta.


2018
Urtarrilak 27 Hendaia.
Otsailak 24 Zubieta-Txokoalde ibilbidea.
Martxoak 24 Lasarte-Oria-Kursaal ibilbidea.
Apirilak 28 Orio-Zarautz (aldapatsu samarra).
Maiatzak 26 'Lasarte-Oriako mugak' ibilbidea.