Bi urrats gehiago besterik ez

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko aza. 27a, 13:34

Intxurreren aurkako neurketa garrantzitsua merezimendu osoz irabazi du Intza KEk, eta eskuz binakako Gipuzkoako 2. mailara igotzeko lehiatuko dira Haritz Urkia eta Aritz Solano. Bi urrats gehiago egitea besterik ez zaie falta

Michelingo frontoiko ezker hormatik albiste onak besterik ez datoz azkenaldian. Gipuzkoako Lehenengo Mailan mantentzea lortu zuten Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak duela aste batzuk. Asteburuan, berriz, 3. mailan ari diren Haritz Urkiak eta Aritz Solanok mailaz igotzeko lehian aritzeko txartela poltsikoratu dute. Honezkero oso onak dira berriak, baina are hobeak izan daitezke, falta zaizkien bi urratsak eman eta balentria egiten badute.

Errazak ziren kalkuluak: irabaziz gero, 2. maila igotzeko promozioa jokatzeko txartela, poltsikora. Bide motzena, hori. Zailena, ere bai: Intxurrerekin neurtu zituen indarrak Intzak. Sailkapenaren goialdean berdinduta iritsi ziren bi taldeak Michelingo neurketa erabakigarrira.

Hobeto ekin zion neurketari Intxurreko bikoteak, eta 5-2 aurreratu zen. Partidu osoan izango zuen errenta handiena. Izan ere, Urkia min egiten hasi zen sake zitalekin, eta Solanok iristen zitzaion guztia bueltatu bakarrik ez, hainbat tantotan Intxurre taldeko atzelaria baino gehiago izan zen. Gauzak horrela, 0-9ko partziala sartuta, herritarrak 5-11 aurreratu ziren. Partidu erdia poltsikoan zuten.

Pilotakada on asko, eta huts batzuk

Bazirudien pilotari lasarteoriatarrek aise irabaziko zutela neurketa, argi uzten ari zirelako Intxurrekoak baino gehiago zirela. Dena dela, zenbait huts ere egin zituzten, eta horrek ahalbidetu zuen Intxurre neurketan sartuta egotea. Baina Urkiak eta Solanok ez zioten garaipenari ihes egiten utzi.

Azpimarratzekoa da Aritz Solanok atzealdean egindako lana. Sendo aritu zen, ia hutsik egin gabe, eta hainbat tanto dominatzen. Defentsa lanetan ere ederki ibili zen, adi, Urkiari esku bat noiz bota behar zion ongi irakurriz. Intxurrekoek ez zuten eduki pilota garbirik tantoa bukatzeko, eta, hein batean, Solanok egindako lanak eragin zuen hori.

Urkiak tanto bikainak egin zituen, baina erremate garbiren bat ere bota zuen txapa azpira. Primerako sakeak egin zituen, arerioen huts egite dezente eraginez, eta bukatzeko garbiak izan zituen hainbat pilota bihurtu zituen tanto: ezker gantxoak, dejadak txokoan...

Azkenean, herritarrek 15-22 irabazi zuten, eta, hasieran nabarmendu bezala, 2. mailara igotzeko promozioa jokatuko dute. Finalerdietan ariko dira aurrena, eta, irabaztekotan, final handia jokatuko dute.