Intzak hurrengo urtean Ezker Hormako Lehenengo Mailan bikotea izango du. Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak osatutako bikoteak mailari eustea lortu du, lehen fasea amaitzeko bi jardunaldi falta diren arren.
Maila handiko bikoteen aurka lehiatu du Intzak; lehengo astean 5-22 galdu zuen Soraluzeren aurka.
Aste honetan, Michelingo pilotalekuan Tolosaren aurka jokatuko dute zaleen aurrean, 19:30etik aurrera. Partida lehiakorra espero du Elola-Artetxe bikoteak.
Partida erabakigarriak
Bigarren Mailako taldeak, ordea, lana du aurretik. Sailkapeneko azken postuetan da, eta puntuak lortu behar ditu mailari eusteko. Aste honetan Gure Txeru du arerio, eta azken jardunaldian, berriz, Intxurre.
Lehengo astean galdu egin zuen etxean Urkiak eta Solanok osatutako bikoteak. Orio izan zuen aurrez aurre. Bi taldeen arteko desoreka nabarmena izan zen hasieratik, eta 8-22 gailendu zen kanpoko bikotea. Zapore txarra kendu nahi dute gaur Getarian.
Bestalde, profesionaletan Axier Arteaga Eusko Label Lau t'erdiko txapelketatik kanpo dago. Urriaren 6an Jakaren aurkako norgehiagokan 22-11 galdu zuen. Bikotekako partida jokatuko du asteburuan.