Euren partiduko azken segundora arte eta beste minutu batzuez ere sufritu behar izan dute Ostadar Antonio Aroztegia taldeko jokalari, entrenatzaile eta jarraitzaileek, jakiteko azkenean maila mantentzen zuten ala ez. Gaur Goierriren aurka irabaztea aski zuten, baina atsedenaldira 3-1 joan ostean 4-4 berdindu dute azkenean. Halere, sailkapenaren behealdean borrokan zebiltzan Lagun Onak eta San Jorgek galdu egin dute. Ondorioz, urdin-beltzentzat izan da saria azkenean.
Goierrik ez zeukan ezer jokoan; Ostadarrek, berriz, dena. Hil ala bizi. Eta nabaritu da hori Maialen Chourraut Udal Kiroldegiko kantxan. Josean Jimenezek zuzendutako taldeak topera ekin dio neurketari, defentsan nekatu gabe presionatuz eta kontraerasora bizkor ateraz.
Gaurko neurketan zortzi gol ikusi dituzte zaleek, baina lehenengoa bezalakorik bat ere ez. A zer nolako gola. Denboraldiko onena ez bada, gertu ibiliko da. Baloi luze bat jaso du Maurok, eta kontrolatu gabe, 'guraize' erremate bat egin du baloia sareratzeko. Gogotik ospatu dute 1-0ekoa guztiek. Batek baino gehiagok, harridura aurpegiarekin. Bosgarren minutua zen. Handik hamar minutura sartu du 2-0ekoa Ostadar Antoniok, Merinoren jaurtiketa indartsu bati esker. Goierrik berehala erreakzionatu eta 2-1ekoa sartu du. Atsedenaldira horrela joango zirela zirudienean, Maurok 3-1koa sartu du. Emaitza horrekin bukatu da lehenengo zatia.
Berdinketa, sufrimendua...eta poza
Emaitza hori mantentzearekin aski zuen Ostadarrek maila mantentzeko, baina partidua erotu egin da bigarren zatiko hogei minutuetan, eta launa bukatu. Berdinketa kiroldegian.
Emaitza horrekin, etxeko taldeak ez zekien seguru maila mantentzerik edukiko zuen ala ez. Lagun Onak-en eta San Jorgeren emaitzei itxaron behar. Sufrimendua.
Bizkaitik etorri diren albisteak, ordea, ezin hobeak izan dira. Poza. Bi taldeek galdu egin dute, eta, ondorioz, Ostadar Antonio Aroztegiak 3. Mailan mantentzea lortu du. Datorren denboraldian ere kategoria horretan ariko dira, beraz. Denboraldi osoa sufritzen eman ostean, gozatzeko eta ospatzeko tartea dute orain taldeko jokalari, entrenatzaile eta zaleek. Merezi dute.