Maialen Chourrautek ‘Segre Cup Canoe Slalom’ irabazi du

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 21a, 12:43
Piraguista lasarteoriatarra izan zen garaile Lleidan jokatutako bi jardunaldiko Segre Cup txapelketan.

Maialen Chourraut piraguistak beste behin erakutsi du sasoi betean dagoela, joan den asteburuan Lleidan jokatutako ur bizietako Segre Cup txapelketan gailenduta. Mundu osotik etorritako 200 bat piraguista larunbat zein igandean aritu ziren, denbora onena nork egingo. Piraguista herritarrak lortu zuen hori.

Larunbatean Ponts ibaian egin zituzten jaitsierak. Bi tandatan irabazi zuen Chourrautek. Irati Goikoetxea izan zen bigarrena, eta Camille Pringent frantsesa hirugarrena. 

Igandean berriz, Maialenek aski ongi ezagutzen duen kanal batean aritu ziren: Seu d'Urgellekoan, hain justu. Berriro ere lehenengo postua eskuratu zuen lasarteoriatarrak, bigarren sailkatu Nuria Vilarrublari sei segundo aterata. Podiuma Pauline Guiet frantsesak osatu zuen.

Denbora totalak

Honakoak izan ziren denbora totalak emakumezkoen K1 modalitatean, bi jardunaldiak batuta: Maialen Chourraut izan zen aurrena, 195,63 segundorekin (94,11 larunbatean eta 101,51 igandean); Pauline Guiet bigarren sailkatuak, 206,13 (96,98 eta 109,15); eta Marta Martinez hirugarrenak, 205,73 (95,69 eta 110,04).