Ligako lau talde onenak elkartu ziren Madrilgo Majadahonda hirian: Majadahonda, Boadilla, ASME Bartzelona eta Lorena Zabala lasarteoriatarraren CD Sumendi.
Gogotsu ziren talde gasteiztarreko jokalariak Erreginaren Kopari ekiteko. Izan ere, oso lan txukuna egin ondoren, bigarren postuan sailkatu ziren ligan.
Bazekiten "oso lan zaila" zutela. Izan ere, aurretik egindako elkarrizketa batean Lorena Zabalak nabarmendu zuenez, "Espainiako selekzioa Majadahondako eta Bartzelonako jokalariek osatzen dute, gehienbat".
Hala ere, indartsu hasi zuten txapelketa eta ASME Bartzelona 7-3 hartu zuten menpean. Herritarra norgehiagokaren protagonistetako bat izan zen. 3-2ko gola berea izan zen, ordura arteko berdinketa hautsiz.
Finalean ez zuten zorte handirik izan euskaldunek, eta faborito nagusi zen Majadahondak garaitu zituen, 6-1.