LOKEko judokek lehiaketa denboraldia hasi dute

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 20a, 13:30
Valentziako Espainiako A Kopako jardunaldian Eneko Eizagirrek bosgarren postua eskuratu zuen

LOKEko Judo saileko kideek abuztuan aurredenboraldia hasi zuten, eta lehiaketa garaia hasia dute dagoeneko. Urriaren 14an, larunbatean, junior mailako Espainiako A kopako lehen jardunaldian izan ziren Eneko Eizagirre eta Haritz Urdangarin, Valentzian.

Eneko Eizagirrek bosgarren postua eskuratu zuen, lau borrokaren ostean.Haritz Urdangarinek, berriz, borroka bakarra egin zuen. “Borrokaldi ederra egin zuen. Puntuetan irabazten zihoan, baina azkenean arerioa gailendu zen. Ondorioz, ezin izan zuen bigarren aukera izan,” esan du Gorka Aristegi entrenatzaileak. LOKEko kideekin batera, Zarauzko Lizardi klubeko Gorka Eizagirre ere joan zen lehiaketara; brontzezko domina eskuratu zuen.

Larunbat honetan, Senior mailako Espainiako kopako jardunaldia jokatuko dute Iruñean, eta LOKEko lau judoka izango dira lehian: Josu Olmos, Esteban Martinez, Asier Sagasti eta Fermin Balda.