LOKEko gimnastak asteburuan Ibarran jokatuko den Gipuzkoako Txapelketari begira

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 21a, 19:03
Larunbat honetan amateur mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatuko da Ibarrako kiroldegian. Goizeko saioan, kadete B taldeak bi pilota eta hiru uztairekin egingo du lan eta Senior A taldeak 5 uztaiko lana erakutsiko du. Bakarkako Senior A mailan Aizpea Arroyo eta Garazi Gomez izango dira txapela eskuratzeko borrokan. Uztaia eta xingolarekin egin beharko dute lan biek. Arratsaldekoan, jubenilen A taldeak mazekin lehiatuko du eta banaka, jubenil B mailan, Ainara Apeztegiak maza eta zintekin egingo du saioa.

Bestalde, Udaberri Torneoko bigarren faseko jardunaldia jokatu zen igandean Oiartzungo kiroldegian.

LOKE-Landaberriko alebin taldeak parte hartu zuen txapelketa honetan eta 28 talderen artean seigarren amaitu zuen.

Maite Rueda entrenatzaileak adierazi duenez, oso pozik daude emaitzarekin. “Talde honen lehen urtea da eta ezin gara lortutako emaitzetaz kexatu”.