Ligako kanporaketan, Lauko Finala helburu

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 20a, 13:30
Ostadar Saskibaloiko seniorrek Luberriren aurka galdu dute asteburuan, eta ezusterik ezean, hirugarren sailkatuko dira liga erregularrean. Kanporaketan sartu dira, eta kantxa faktorea alde dute. Finalerdietara iritsi nahi du Otaegi entrenatzaieak

Denboraldi oso txukuna egiten ari da Ostadar Saskibaloiko senior taldea. Liga erregularra bukatzeko partida baten faltan hirugarrenak dira, bigarrenekin berdinduak. Talde gaztea da Ostadarrekoa, denak senior lehengo eta bigarren urtekoak, eta erritmo biziko partidak planteatzen ditu Ander Otaegi entrenatzaileak. "Puntu gehien sartu ditugunak gara, gehien korri egiten dugunak". Dagoeneko kanporaketan dute burua. "Finalerdietara iristea da gure helburua. Zaila dugu irabaztea, baina hor egon nahi dugu", esan dio entrenaitzaileak txintxarri-ri. 

Lan handia egin dute Ostadarreko Saskibaloi atalean, eta urtetik urtera gero eta talde gehiago daude. Batez ere neskak lotu dituzte kirol horretara. Infantilez gain, bina talde daude kadete eta juniorretan. Senior taldeak jasotzen du gero uzta hori. 

Harrobiko lan horrek etekinak eman dizkio Otaegi entrenatzaileari. Harreman estua du bere taldearekin. Ez alferrik, lau urte baino gehiago daramatza jokalariekin. "Denak Lasarte-Oriako neskak dira, Landaberrin ikasitakoak. Kadeteak zirenetik eramaten dut talde hau. Giro polita dago. Ondo ezagutzen dugu elkar". 

Beñat Elizegirekin batera gidatzen ditu seniorrak. Baita juniorrak ere. Bi taldeak oso lotuta daude, bata bestearen jarraipena baita. Seniorrak jokalarien faltan daudenean juniorretara jotzen dute. "Askotan haiekin entrenatzen dute. Gero seniorretara egiteko jauzia ez da horren handia". 

Ligako kanporaketa 
Partida bakarra falta arren, nahiko erabakita dago liga Ostadarri dagokionez. Aurreko asteburuan bigarren jartzeko aukera galdu zuten lasarteoriatarrek, Antigua Luberrik irabazi baitzien (49-41). Ezusterik ezean, hirugarren sailkatuko dira. 

Horrenbestez, Oiarso taldearen aurka jokatuko lituzkete final laurdenak, kantxa faktorea alde edukita. Maiatzaren 6an Errenterian izango litzateke joaneko partida, eta hurrengo asteburuan, maiatzaren 13koan, Maialen Chourraut kiroldegian. 

Kanporaketa hori irabazi beharko dute Lauko Finalean egoteko. Otaegik egunetik egunera pentsatu nahi du, baina kalkuluak egiten hasita, uste du Antigua Luberri izango luketeela finalerdietan. Betiere final laurdenak gaindituko balituzte. "Ligan lau partida galdu ditugu. Bi Luberriren aurka, eta beste bi Bera Bera Grosen aurka". 

Onartzen du Groseko taldea ligako onena dela. "Denen aurretik dago. Besteak hortxe gaude. Luberri, Atletico San Sebastian eta gu borroka horretan gaude". 

Etxean luzapenean galdu zuten Luberriren aurka, puntu batengatik.  Joan den asteburuan, ordea, "ongi irabazi" zieten. "Ez ziguten utzi gure erritmoa jartzen. Puntu asko sartu eta korri asko egitekoak gara gu, baina saskiraketa gutxiko partida izan zen". 

Talde motza du Otaegik; bederatzi jokalari dira, baina bik kanpoan ikasten dute. Juniorrekin osatzen dituzte bajak entrentzaileek. Denak ikasleak izanik, ez da hain justu denboraldiko garairik onena.  "Azterketetan daude. Aste Santuko itzulera gogorra izan zen dagoeneko. Juniorrak ere selektibitatea dute prestatzeko. Garai zaila da, baina entrenatu eta ahal duguna egingo dugu". 

Iaz ere bikain aritu ziren ligan, eta laugarren egin zuten. Orduko hartan, ordea, ez zuten azken fasea jokatu. Lauko Finalaren irabazleak jokatuko du hurrengo urtean Espainiako Bigarren Mailan. "Ez da gure helburua. Baina guk azken fase horretan egon nahi dugu".