Ekaina hastearekin batera Euskal Herriko mendietan barrena ibili dira Lasarte-Oriako zenbait mendi lasterkari. Pasa den asteburuan 'Gasteizko mendiak' proban aritu ziren Javi Olazagoitia eta Iñaki Letamendi.
Biek bukatu zuten lasterketa gogor hori (63 kilometro ditu luze, eta 2.900 metro inguruko desnibel positiboa). Olazagoitiak zazpi ordu eta 41 minututan osatu zuen ibilbidea. Handik ordu pare batera iritsi zen Letamendi helmugara; 9.48ko denbora egin zuen. Bero egin zuen larunbatean, 30º inguru. Halere, biek osatu zuten proba.
Lasarte eta Olazagoitia, Leitzan
Ekaineko aurreneko asteburuan 'Euskal Herria Mendi Erronka' lasterketa ezaguna (67 kilometro eta 3.600 metroko desnibel metatua) jokatu zuten Jon Lasartek eta Javi Olazagoitiak, klima hotz eta euritsuari aurre eginez. Biak iritsi ziren helmugara: Olazagoitia, 9.30ean, eta 10.18an Lasarte.
Lasartek 'Ehunmilak' proba jokatuko du uztail hasieran. 168 kilometro luze ditu lasterketak, eta 11.000 metroko desnibel positibo metatua.