Lesio batek okertu du Intzaren estreinaldia

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 22a, 11:41
Intzako Lehenengo Mailako bikoteak 10-22 galdu du Ilunperen aurka, Elola atzelariak eskuan min hartuta. Soraluzen arituko da bikotea larunbatean, baina Elola azken unera arteko zalantza da. Hirugarren Mailan, Intzak aise irabazi du Zumaiaren aurka

Ez du denboraldia nahi bezala hasi Intza Kirol Elkarteko Lehenengo Mailako bikoteak. Ilunpe taldearen aurkako partida jokatu zuten joan den ostiralean Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola bikoteak, baina 10-22 galdu zuten azpeitiarren aurka, etxean. Hirugarren Mailako bikoteak eman zuen asteburuko albiste pozgarria, erraz irabazi baitzion Zumaiari: 22-08. 

Lehenengo Mailako bikoteak, Artetxek eta Elolak, ongi hasi zuten partida, azkar batean jarri baitziren aurretik markagailuan. 5-0eko partziala eginda, norgehiagoka menderatuta zutela zirudien. 

Orduan iritsi zen zorigaiztoko ezustea: Elola atzelariak min hartu zuen eskuineko eskuan. Ezkerrekoarekin jokatu beste erremediorik ez zuen izan Intzako pilotariak, minak ez baitzion utzi eskuinarekin jotzen. Ilunpeko bikoteak ongi aprobetxatu zuen egoera, eta atzera bota zituzten pilotakadak. Hamar tantotan geratu ziren azkenean Artetxe eta Elola. 
Denboraldia hasi berritan ezusteko deserosoa kudeatu behar du orain Lasarte-Oriako pilota elkarteak. Zalantza baita Elola atzelaria hurrengo partidarako; Soraluzen dira jokatzekoak larunbat goizean. Berez, partida gogorra aurreikusten zen, baina atzelari titularrarik gabe nekez emango du onena Intza Kirol Elkarteak. Lehen jardunaldian galdu egin zuen Soraluzek, eta sailkapenean lehen puntuak eskuratzeko gogotsu egongo dira. 

Bigarren taldetik atzelari bat hartzea ere ez da aukera erraza. Izan ere, hirugarren mailan izena emanda dagoen pilotari bat lehenengo mailara igotzen badute, aurrerantzean ezingo du ostera hirugarren mailan jokatu. Eta egutegiko partida bakarra jokatuta, zalantzak are handiagoak dira. 

Hirugarren mailan 
Hirugarren mailan lehiatzen duen bikotea fin aritu zen, eta, 22-08 irabazita, sailkapeneko lehen postuetan da. Saketik min asko egin zuen Haritz Urkia aurrelariak, eta piloteoan fin aritu zen Gaizka Iruretagoiena atzelaria. 

Larunbat honetan Oñatin jokatuko du hirugarren mailako bikoteak, Aloña Mendiren aurka. Beste bikote bat arituko da, ordea, Zubikoa frontoian: Julen Iribar eta Aritz Solano.