Lehenengo posturako borroka estutu da

martin-vicioso 2017ko mar. 21a, 19:38
Aita Amarik Kattagorri-Insaustiren aurka eskuratutako garaipenaren ondorioz, hiru taldek lehiatuko dute herriko areto futbol txapelketako lehenengo postua azkeneko momentura arte. Bost jardunaldi besterik ez dira falta fase erregularra amaitzeko

Azken txanpan murgilduta dago herriko areto futbol txapelketa, eta oraindik ez dago garbi zeinek lortuko duen fase erregularreko talde onenaren saria. Kattagorri-Insausti, Trumoi Taberna eta Aita Amari puntu kopuru berarekin dira. Azken hauek, 9-7 hartu zuten menpean liderra asteburuan.

Lehenengo postutik sei puntura, 39rekin, lehengo urteko txapeldun Izkiña Taberna dago kokatua. Ondoren datoz Kebab Taberna –34rekin–, Urdaneta Hortz Klinika –31rekin– eta Also –23rekin–.

Ilargik du, momentu honetan, 'playoff'-etarako azkeneko txartela. 22 punturekin dira, Indauxekiko 7 puntuko aldearekin.

Reformas Lagunak-ek, Viña del Mar-ek eta Txokok ixten dute sailkapena. Bestalde, Ibaros Latino taldea lehiaketatik at utzi dute arduradunek, jarraian bi falta larri egiteagatik.

Golegileen taulari dagokionez, aurten ere  Kattagorri-Insausti taldeko Ander Pecharroman da lidertzan, orain arte sartutako 46 golei esker. Izkiñako Asier Rubiok 18 egin zituen partidu bakarrean eta, besteak beste, horiei esker kokatu da bigarren postuan 38rekin.

'Playoff' azkarrak

Aurten, lehenengo aldiz, partidu bakarrera jokatuko dira final laurden eta finalerdiak. Hortaz, sorpresarako aukera handiagoa edukiko dute hasiera batean faboritoak ez diren taldeek.

Kontsolazio fasea, bestalde, lau taldek jokatuko dute. Joan eta itzulikoan jokatuko dituzte finalaurrekoak. Finala, ohi bezala, final nagusiaren egun berberean egingo dute.

Formatu aldaketaren arrazoi nagusia, arduradunek azaldu dutenez, Mossoren oroimenekoa herriko jaiak iritsi aurretik amaitu ahal izatea da. Horregatik, aste santua tartean dela kontuan izanik, bi astetan laburtu dute txapelketa.

Emaitza txarrak asteburuan

Ez da astebururik oparoena izan herriko areto futbol taldeentzat. Izan ere, maila guztietako ordezkariek galdu dute.

3. Nazional mailan aritzen den Ostadar Antonio Aroztegiak 4-5 galdu zuen Laskorain KE-ren aurka, eta azken hirugarren postuan dira lasarteoriatarrak.

Gipuzkoak 1go mailako ISU Lehioak eta Cecilia Kebab Ostadarrek ere porrotak jaso zituzten Hirukideren –9-6– eta Laubururen –2-9– kontra, hurrenez hurren. Kafe Buenetxeako jubenilek ere ezin izan zuten Arantzazuko Ama gainditu.

Asteburuko jardunaldia

Herriko Txapelketari dagokionez hauek dira asteburu honetako partiduak:

Urdaneta H.K. - Reformas Lagunak. Ostirala 19:45

Also - Trumoi. Ostirala 20:45

Viña del Mar - Txoko. Larunbata 10:30

Ilargi - Kebab Taberna. Larunbata 11:30

Indaux - Kattagorri/Insausti. Larunbata 12:30