Lehenengo pilotakadatik izan dira nagusi kantxan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko urt. 13a, 13:32
Ezin hobeto hasi dute Udaberri txapelketa Intzako bi taldeek. 6-22 irabazi diete zumaiarrei Jon Pello Artetxek eta Asier Katalinak, eta 22-13 nagusitu dira Haritz Urkia eta Mikel Elola oriotarren aurka

Intza Zumaiaren aurka. Arratsaldeko lehenengo pilota partida. Lau pilotariek zaleak agurtu eta gero, zozketa, sakea erabakitzeko. Jose Felix Solano epaileak airera bota zuen txapa. Sakea, gorri. Pilota azkarra eta bote askokoa aukeratu zuten zumaiarrek. Hor hasi ziren neurketa galtzen, materialaren ezaugarri horiek hobeto aprobetxatu zituelako Intzako bikoteak. 

Lehenengo tantoa, dena den, gorriek egin zuten. Asier Katalinak ezin izan zuen pilota behar bezainbeste altxa bederatzigarren koadrotik. Apenas galduko zuen beste pilotarik partida osoan. Banakoa ezarri zuten urdinek gero, eta erabaki zuten ez zutela pilota aldatuko, gustura ari zirelako horrekin. Bete-betean asmatu zuten Intzako pilotariek, berehala hasi zirelako markagailuko aldeak handitzen. Ikusleak konturatzerako, 1-4 jarri ziren aurretik. Bi tanto egin zituen Artetxek tarte horretan: sakez aurrena eta bi pareta eder batekin bigarrena. Zumaiako atzelariak komeriak izango zituen sakeak behar bezala erantzuteko, hirugarren tantoan ikusi zenez. 

Urdinen erritmoa apurtxo bat etetea lortu nahi zuten zumaiarrek bigarren tantoa eginda eta pilota aldatuta. Motelago batekin probatu zuten, baina nahi baino gutxiago iraun zien estrategia horrek, aurrelariak kanpora bota zuelako ezker gantxoa. 2-5, eta hasierako pilota berriro. Hor bukatu zen norgehiagoka: 0-14ko partziala sartu zieten gorriei Artetxek eta Katalinak. Tantoak, era guztietakoak: sakez, txokoan utzitako dejadaz, ezker gantxoz, bi paretaz, peloteoa luzatuz eta aurkarien hutsak baliatuz, defentsa lanak ongi eginez eta ahal bezain laster eraso eginez... 2-18koarekin lortu zuten zumaiarrek odol-jarioa etetea. Partida galdutzat ikusten zutenez, alde eta aurkako tantoen aldea murriztea beste erremediorik ez zeukaten. Artetxeren huts pare bat baliatu zituzten 6-20ko emaitza jartzeko. Ez zuten gehiagotan sakatuko gorriek, Artetxek aurretik galdutako pilota horiek tanto bihurtu zituelako segidan: defentsan bikain aritu eta gero lurretik zabaldutako pilota bat aurrena, eta ezker gantxoa bukatzeko. 6-22, eta lehenengo garaipena.

Bigarren partida ere, zakura

Haritz Urkiak eta Mikel Elolak hartu zieten lekukoa Artetxe eta Katalinari. Kostako beste bikote batekin neurtu zituzten indarrak: Oriotik etorritako pilotariekin, zehatzago esanda. Neurketa horren gidoia aurrekoarenaren oso antzekoa izan zen: lasarteoriatarrak gehiago izan ziren aurrean eta atzean, eta hori baliatu zuten garaipena zakuratzeko. Izerdi pixka bat gehiago bota zuten, hori bai. Azkenean, 22-13.

Bien bitartean, Arteaga II.ak garaipenak pilatzen jarraitzen du promozioko binakako txapelketan. Urretabizkaiarekin egiten du bikote, baina atzelaria min hartuta dagoenez Etchegoinek ordezkatu zuen. Peña II.a eta Aranguren izan zituzten aurkari. Kostata, baina bigarren partida irabazi zuten segidan, 22-21.