Lauko finala eta bigarren mailara igotzea helburu

martin-vicioso 2017ko mar. 31a, 13:00
Fase erregular bikaina egin ostean, igotzeko gertu daude saskibaloiko Ostadar SKT-ren hirugarren mailako gizonezko seniorrak. Final zortzirenetako lehenengo norgehiagoka irabazi dute, eta lauko finalerako txartela herrian ziurtatu beharko dute

Hiru urteko ibilbidea egin du Ostadar SKT-ren gizonezko seniorren taldeak. Orain arteko denboraldirik onena ari dira egiten aurtengoan. Gipuzkoako 3. Mailako beraien taldean hirugarren sailkatu dira, liderraren puntu kopuru berdinarekin, eta igoera lortu ahal izateko kanporaketetan erabat murgilduta daude orain.

Final zortzirenetako joaneko partidua irabazi zuten pasa den igandean Lezon, Kurkubi SBK-ren kontra. 46-53 nagusitu ziren urdinbeltzak, eta zazpi puntuko aldea dute Maialen Chourraut kiroldegian jokatu duten bueltako norgehiagokari begira.

Lauko Finala gertu

Norgehiagoka irabaziz gero edo zazpi puntu baino gutxiagoz galduz gero, Lauko Finalerako txartela lortuko lukete.

Ataleko arduradun eta taldeko jokalari Endika Marrahik azaldu duenez, hiru taldek eskuratuko dute bigarren mailarako igoera. Fase erregularreko bi talde txapeldunak euren arteko kanporaketa ari dira jokatzen, eta horien artean bat igoko da zuzenean.

Lauko Finaleko txapeldunak ere bigarren mailan jokatuko du datorren urtean. Azkeneko txartela Lauko Finaleko txapeldunordearen eta taldeko liderren arteko kanporaketaren galtzailearen artean lehiatuko dute.

Hala, Lauko Finalera sailkatuko balira, eta lehenengo partidua irabaziko balute, bi aukera edukiko lituzkete Jose Luis Alonsoren mutilek. Kanporaketa hori talde sailkatuen artean 'errekor' onenak duenaren etxean jokatuko da. Marrahik dioenez, "Lasarte-Orian jokatzeko aukera bada, baina litekeena beste herri batean jokatzea da".

Jokalari eta arduradunak "ondo" ikusten du taldea. Hala ere, ohartarazi du igoeraren lehian dauden guztiak "maila antzekoa" duten taldeak direla. 

"Zailtasunak" izango dituzten arren, nabarmendu du "beste guztiek bezala" aukerak izango dituztela datorren urtean bigarren mailan aritzeko.