Lasterketa motzagoa, eta are azkarragoa

Adrian Garcia 2017ko urr. 27a, 12:45
Lasarte-Oria Bai! Krosa - Iazko frogaren ondoren, lehen Roller Herrikoia antolatuko du Ostadarrek. Korrikalarien eta patinatzaileen arteko "elkarbizitza" errazteko moldatu dute ibilbidearen lehen zatia. Donostia Etorbideko aldapa kenduta, hamar kilometrora egokitu dute proba

Korrikalari guztiak ohartu dira dagoeneko: krosaren aldaketa nabarmenena da ibilbide aldaketa. Ez dute Donostia Etorbideko aldapa igoko, eta Urbil aldera egingo dute gora, herrira Sasoetatik bueltatzeko. Motzagoa izango da lasterketa; hamar kilometrora egokitu dute. Eta lehen aldiz, patinatzaileentzako ireki dute izen ematea. Hain zuzen, horregatik egin dituzte aldaketak ibilbidean, korrikalarien eta patinatzaileen "elkarbizitza errazteko". Igandean, 10:30ean hasiko da lasterketa. Korrikalariak baina bi minutu lehenago aterako dira  aulki gurpildunak, eta sei minutu lehenago patinatzaileak. Ostadarrek espero du 1.000 korrikalaritik gora egotea.  

Anabel Eleno korrikalaria kroseko ohikoetako bat da, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Xehetasun osoz ezagutzen du ibilbidearen moldaketa, joan den igandean egin baitzuen. "Motzagoa da, eta, beraz, azkarragoa izango da lasterketa. Gainera, kendu digute Donostia Etorbideko aldapa; oso gogorra da". Kontran, Urbilgo aldapa igo beharko dute korrikalariek. "Gogorra da, nahiz eta desnibel gutxi izan. Lasterketa hasieran da, eta oso azkar joango da jendea". 

Animoekin kontuz

Nahiz eta norberak korri egiteko bere modua duen, ondoko aholkuak eman ditu Elenok: "Nik hasieran zertxobait gordeko nuke. Gero  ordekan eta aldapa beheran indartsu joan behar da, denbora errekuperatzeko". 

Aurten herriguneko hainbat zati kendu dituzte. Horrela, Kale Nagusitik igaroko dira hirugarren kilometrotik aurrera, eta helmugara iritsi arte ez dira herrigunera bueltatuko. "Kale Nagusian pilatuko dira ikusle gehienak. Ez da ikusteko leku txarra. Giro polita egongo da". 

Halere, kontuz ibili beharko da zati horretan, herrikideen animoak gehiegi ez berotzeko. "Arriskutsua da, zati horretan estutzen baduzu jendearen animoak bultzatuta, gero ordaindu dezakezu, Oria aldean, adibidez, animatzeko jende gutxi dagoenean".   Gainera, aurrerago, Zubipe aldean beste aldapatxo bat dago. "Zaila da burua hotz edukitzea. Nahi gabe erraza da berotzea".  

Donostiako maratoia begiz jota du Elenok, eta krosa "entrenamendu gogor bat" bezala planteatu du. Edonola ere, lasterketa berezia da berarentzat. "Ez dakit zenbatetan parte hartu dudan, kontua galdu dut dagoeneko".   

Patinak, lehian lehen aldiz 

Baina korrikaz harago izango da lehia gehiago. Azken urteetan indarra hartzen ari dira patinen lasterketak, eta, Lasarte-Oria Bai! Krosarekin, egutegia zabaldu zaie patinatzaileei. Iaz 30 bat eskarmentudun patinatzaile gonbidatu zituzten, ikusteko korrikalariekin lasterka egitea bateragarria zen. Haien aholkuak jaso ostean, I. Roller Krosa antolatu dute Ostadarrekoek. 

Patinatzaileen eta korrikalarien denbora tartea handitu egin dute. Orain, sei minutuko aldearekin aterako dira. Iaz bi minutu ziren. Lasterkariek patinatzaileren bat harrapatzen badute, zuzenean lehiatik kanpo geratuko litzateke. 

"Denbora tarte horrek lasaitasun handiagoa emango die patinatzaileei", azaldu du Sergio Benitezek, Aprender a Patinar Gipuzkoa elkarteko kideak. Lasarte-Oriako elkarteak patinatzeko eskolak ematen ditu.  Benitezek azaldu duenez, bi patinatzaile mota egon ohi dira. "Donostiakoak abiadura patinekin etorri ohi dira, eta bizkor-bizkor ibiltzen dira horiek. Lasarten, normalean, free style motakoak ibiltzen dira, eta horiekin ez da horrenbeste abiada hartzen". Hain zuzen, iaz horietako batzuk nahiko larri ibili ziren lehenengo korrikalarien aurretik helmugaratzeko. 

Benitezen arabera, ibilbidea  "egingarria" da. "Iazkoa baino hobea da. Hipodromoko zatia kenduta, beste guztia ondo asfaltatuta dago". 

Jon Zugastik oroitzapen onak gordetzen ditu; krosa patinen gainean egin zuenetako bat izan zen. "Tarteren batean asfaltoa oso gaizki zegoen. Baina, bestela, oso proba polita izan zen, desberdina". 

Martin Berasategiko aldapa

Martin Berasategi jatetxeko aldapa kendu izana ulertzen du Zugastik, nahiz eta zaitirik gogokoena zuen berak. "Lasterketa mundu guztiari ireki badiote, pentsatzen dut ibilbidea ondo egongo dela. Iaz, esaterako,  Berasategiko aldapan jendea larri zebilen.". 

Ibilbidea teknikoa izan arren, "iazkoa baino errazagoa da", Zugastiren hitzetan. "Azkenean aldapak ez dira horren arriskutsuak. Aurten Sasoeta aldeko zati hori nahiko erraza da. Ikusi beharko da zenbat jendek parte hartzen duen". 

Antolatzaileek arriskutsuenak izan daitezkeen lau bihurgunea markatu dituzte, eta Ostadar SKTren webgunean ikus daitezke haiei buruzko xehetasunak eta argazkiak. 

Zalantzarik ez du Zugastik: euria da patinatzaileen arerio nagusia. "Aldapa gora bustita baldin badago, ezin duzu ongi zapaldu eta asko kostatzen du aurrera egitea".