Lasarte-Usurbil BHI, Gipuzkoako txapelaren bila

jon-altuna-egitegi 2015ko mar. 15a, 15:22
Kirol aukera ugari dago Lasarte-Orian, eskaintza zabala. Baina ziur batek baino gehiagok ez dakiela boleibol talde bat badenik herrian. Jubenil mailan lehiatzen dute Lasarte-Usurbil BHI taldeko neskek, Asier Arrazola entrenatzaile dutela. Denboraldi handia egiten ari dira. Lehen hamar partiduetan ez dute alerik galdu eta Gipuzkoako sailkapeneko buru ageri dira. Iaz bigarren geratu izanaren arantza atera nahi dute aurtengoan.

Lau urteko ibilbidea du hori koloreko elastikoarekin jokatzen duen taldeak. Azken hiru urteetan Asier Arrazolaren esanetara ari dira. Boleibol taldeko entrenatzaile izateaz gain, institutuko Eskola Kiroleko arduraduna da bera.

Taldeko protagonistak ordea Ainhoa Gonzalez, Camila Ortiz, Leire Vega, Sara Prieto, Eli Fuentes, Alexandra Suntsova, Enara Seijas, Ane Martin, Jaione Arruti eta Irene Fernandez dira, eurek osatzen dute Lasarte-Usurbil BHIko boleibol taldea.

Federatu mailan jokatzen dute, Gipuzkoa osoko beste sei talderekin batera. Honakoak dira denak, sailkapen nagusian dauden hurrenkeraren arabera: Lasarte-Usurbil BHI, Summa Aldapeta, Fortuna, Hernani, Mundaiz, Arrasateko Arizmendi eta Lizardi.

Boleibolaren ezaugarriak
Boleibola AEBtan sortu zen 1895. urtean, ehun urtetik gora dituen kirola da, historia luzekoa beraz. Hemezortzi metro luze da zelaia eta bederatzi metro zabal. Nesken kasuan, zelai-erdian, 2,24 metroko sarea dago.

”Bizia da kirol hau, intentsitate handikoa ere bai zenbait unetan. Hala ere, neska oso indartsuak ere ez dira beharrezkoak. Garrantzitsuagoa da lasai egon eta une zailenetan nola jokatu behar den jakitea. Zelaian ondo kokatuta egoteari ematen diot garrantzia, detaile horiek zainduta oso ongi jokatu dezakezu. Hori egiten saiatzen gara gu eta nesken jarrera onarekin erraza da hori”, esan du Asier Arrazola entrenatzaileak.

Talde-kirola, eurena
”Kirol polita da boleibola, giro oso ona dute neskek euren artean eta minoritarioa izan arren, harremanak sendotzeko bide bikaina da, eurentzat primerako alternatiba da kirola egin eta aldi berean ondo pasatzeko”, adierazi du Asier Arrazola entrenatzaileak. 

Gipuzkoan boleibola pixkanaka ”errotzen” ari dela aipatu du Arrazolak. Partiduak udal-kiroldegian jokatzen dituzte, larunbatetan 14:00etan hasita. Aste honetan halere, kanpoan jokatu dute, Arrasateko Arizmendiren aurka 2-3 setetan galduz. Hurrengo asteburuan bai, hurrengo asteburuan izango dute lasarteoriatarrek Gipuzkoako junior mailako talderik onena ikusteko aukera, Donostiako Fortunaren aurka. 

Hemendik denboraldia amaitu bitartean talde sen horri eusten badiote, aukera asko izango dituzte Lasarte-Oriako boleibol neskek Gipuzkoako txapela janzteko. Hori da helburua, eta buru-belarri egingo dute lan institutuko neskek.