Larunbatean hasiko da areto futbol txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 26a, 12:30

35. edizioa izango da aurtengoa, eta zenbait berrikuntza izango ditu; Lasarte-Oriako Udalak antolatuko du aurtengo lehiaketa, eta bederatzi taldek parte hartuko dute. Horrez gain, eskuko telefonoaren eta web atari baten bidez jarraitu ahal izango da txapelketa

Lasarte-Oriako areto futbol txapelketa 35. aldiz egingo dute aurten, lehen aldiz  udalak antolatuta. Txapelketa sortu zenetik Ostadar SKTk izan du antolakuntzaren ardura, baina iragan urtean kirol elkartearen areto futboleko modalitatea desagertzearekin batera, txapelketa antolatzea baztertu dute. 

Gabezia horri irtenbide bat emateko sortu da Eguzki Areto Futbol taldea. Udalak hari egin dio eskaintza aurtengo txapelketa antolatzeko, baina ezinezko ikusi du taldeak, eta, ondorioz, Gazteria sailak berak antolatu du lehiaketa.  "Areto futbola oso errotuta dago Lasarte-Orian, eta beharrezko ikusten genuen txapelketari eustea", azaldu du Txus Alonso Gazteria saileko zinegotziak.

Horrela, Sportmadness Gipuzkoa enpresa kontratatzea erabaki dute, administrazio eta antolaketa lanetarako. Udaletik jakitera eman duten moduan, 6.000 euroko kostua izango du kontratazioak.

Bederatzi talderen arteko leiha 

Gizonezkoen bederatzi taldek eman dute izena txapelketarako. Hauek dira haien izenak: Irigoien Erretegia, Insausti-Kattagorri, Avenida Taberna, Txoko Taberna-Autocares Luis Car, Viña del Mar, Trumoi Taberna, Patricio Cocktail Bar, Izenik Gabe eta Sin Patrocinador. Emakumezkoen txapelketa antolatzeko asmoa ere izan dute udaleko ordezkariek, baina ez du talde bakar batek ere izena eman.

Urtarrilaren 27an hasi, eta ekainaren 23an amaituko da txapelketa. Hasierako fasea Michelingo kirolgunean jokatuko da, eta ligaren formatua izango du; joan-etorriko partidak izango dira. Guztira hemezortzi jardunaldi jokatuko dituzte. Partidak larunbatetan izango dira.

Bigarren fasea Maialen Chourraut udal kiroldegian jokatuko dute, eta kanporaketen bidez izango da. Lehen faseko lehenbiziko lau taldeek jokatuko dituzte finalerdiak, eta beste bost taldeek kontsolazioko kanporaketa bat egingo dute.

Mugikorrerako aplikazioa

Aurtengo edizioaren beste berrikuntza bat da txapelketa jarraitzeko sakelakorako egindako aplikazioa. Horrela eman dute jakitera Aratz Irigarai eta Beñat Lopetegi Sportmadnesseko kideek: "Leverade izeneko aplikazio bat dugu, eta horren bitartez, online jarraipena egin ahal izango da, uneoro". Bertatik kudeatuko da txapelketa, eta bertatik jaso ahal izango da informazio guztia; parte hartzaileen fitxak, epaileen aktak, minutuz-minutuko datuen zuzeneko emankizuna, emaitzak eta sailkapena, besteak beste. Horrekin batera, https://leverade.com/en/tournament/539668/calendar/1327088 web ataria ere eskuragarri jarri dute. 

Larunbateko partidak

09:30 Asador Irigoien - Insausti Kattagorri.
10:30 Avenida Taberna - Izen Gabe.
11:30 Sin Patrocinador - Viña del Mar.
12:30 Txoko Taberna Autocares Luis Car - Trumoi Taberna.