Larunbat beltza errugbiko taldeentzat

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 19a, 10:10
Garaipenik ez zuten erdietsi Beltzak taldeko mutilek. Maila guztietako taldeek porrotak jasan zituzten eta 18 urte azpikoak ezin izan zuen Gernikan jokatu euriagatik. Igandean, eskolen topaketa izan zen Michelinen, eta 130 bat gaztetxo batu ziren

Aurreko asteburuan Michelingo zelaian errugbiaz gozatu ahal izan zen beste behin. Larunbatean senior mailako B taldeak Txingudi RCren aurkako norgehiagoka jokatu zuen. Euskal Ligako partidan Oihan Corchero, Gorka Aristondo eta Julen Aristorena herritarrak izan dira zelaian. Ez dute zorte handirik izan, eta 12-43 galdu dute. Partidan, gainera, Ander Lasa aiarrak min hartu du, eta lesio larria du: lotailu-haustura du. Horrez gain, gipuzkoarren arteko derbian ere galtzaile atera dira. Eibarren aurka 24-32 galdu dute.  
Aurreko asteko porrotaren ostean, arerioa garaitu eta ikusleei garaipena eskaintzeko gogoekin atera da taldea Babyauto Zarautz. Baina planteamendua ez da ongi atera,  eta Eibar nagusitu da hasieratik. Erraz alde egin du markagailuan , eta 61 minutuan 20 tantoko tartea zegoen, 5-25.

Zarauzko taldearen aurrelarien jarrera oso ona izan da. Nahiz eta baja garrantzitsuak izan, joko estatikoan ederki moldatu dira. Mele eta aldeko sakeez ongi baliatu dira, eta honela etorri da lasarteoriatarren partidako lehen entsegua. Touch sake baten ostean, Xabier Prietok zelaira bota du pilota. Jarraian Babyautok beste bi entsegu egin eta markagailuko  tartea murriztu du. Jokoa zuzendu du Zarauzko taldeak bigarren zatian, baina Eibarrek entsegua eginez, garaipena bere egin du. Babyauto partida berdintzen ahalegindu da; azken entsegua berea izan da 24-32, baina ez du denbora gehiagorik izan.

Xabi Prietok, Unai Urruzolak, Adrian Apaolazak, Ritxard Yurramendik, eta Ander eta Xabier Rekondok jokatu dute partida.

Lagunartekoa

16 urte azpiko taldeak, berriz,  Hernani RT izan du aurrez aurre Landaren jokatutako lagunartekoan. Ez du aukerarik izan, eta Hernanik lortu du garaipena. Bestalde, 18 urte azpiko taldeak,ezin izan du jokatu. Gernikaren aurkako partida bertan behera geratu da zelaian ur gehiegi zegoen eta.

Igandean ere izan da izerdia botatzeko aukera errugbi eskoletako gaztetxoak izan dira Michelinen. Gaztedi, Eibar, Mutriku eta Zarautz Beltzak taldeko 130 bat jokalari bildu dira. 10 eta 12 urte azpiko mailako gaztetxoek haien trebezia erakutsi dute baloia jaurti eta plakaketak egiten. Ostean,  Beltzak taldekoek beteranoek prestatutako hirugarren zatiaz gozatu dute.

Bestalde, larunbata honetan 18 eta 16 urte azpiko taldeak izango dira Lasarte-Orian. Euskal Ligako bigarren faseko partida hauetan Getxo izango dute aurkari.